"Helburuak markatuta etortzen dira taldeak Oriaren Jaitsierara"

Karkara 2020ko ots. 25a, 09:35

Karkarak eta Erlo telebistak elkarrizketa egin zioten Jon Salsamendiri, Oriaren Jaitsieraren aurretik.

JON SALSAMENDI - OAEko senior mailako gizonezkoen entrenatzailea

Orio Arraun Elkartearentzat garrantzitsua al da Oriaren Jaitsieran 91 ontzi biltzea?
Oso garrantzitsua da guretzat, are gehiago kontuan izanda  Oriaren Jaitsiera ez dela estropada ofiziala, neguko test estropada baizik. Arraun Elkartearentzat ardura handia da 91 talde eta 1.300 arraunlari inguru bildu eta neurri horretako jaitsiera kudeatzea. Dena dela, Orion badago horretarako adina esperientzia eta borondate. 

Zergatik uste duzu biltzen direla horrenbeste talde Oriaren Jaitsieran?
Nire ustez Oriok arraun munduan duen historia, prestigioa eta izena, onerako edo txarrerako, erabakigarriak dira Oriaren Jaitsieraren parte hartzean. Ez dugu inor gonbidatzen estropadara, izen-emate epea zabaltzen dugu eta nahi duena etortzen da. Iaz, esaterako, Herbehereetatik etorri zen talde bat, Oriok arraun munduan duen ibilbidea ezagutzen zutelako. Hori ez da arraun elkartearen meritua bakarrik, Orioko herriak eta oriotarrek arraunarekin duten erlazio bereziaren fruitua da.

Orioko Jaitsieran lortutako emaitzarekin neguko prestaketaren balorazioa egiten al dute entrenatzaileek?
Helburuak markatuta etortzen dira taldeak Oriaren Jaitsierara. Hau ez da matematika zehatza, eta hemen lortutako emaitzak nahiko erlatiboak izaten dira. Izan ere, entrenatzaile bakoitzak bakarrik jakiten du plangitzaren zein puntutan dagoen bere taldea, eta estropadan zer lortu nahi duen. Gainontzekook ez dugu jakiten aurkaria zertara datorren, beraz, emaitza erlatiboa izaten da.

Jaitsieran ondo ibiltzen denak udan emaitza onak lortzen dituela esaten da. Horrela dela uste al duzu?
Esperientziak esaten du Oriaren Jaitsieran lortutako emaitzek zerbait esan nahi dutela, baina nik ez dut uste Orion gaizki ibili denak udan gaizki ibili behar duenik. Horren adibide dira 2008ko Castro edo 2015eko Bermeo. Oriaren Jaitsieran irabazlearengandik 40 segundora sailkatu arren, udan nagusi izan ziren. Hala ere, egia da hona paseatzera ez dela inor etortzen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!