Euskaltzaletasuna eta feminismoa hizpide izango dituzte gaur Salatxon

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko ots. 26a, 09:03
Idurre Eskisabel eta Lore Agirre kazetari eta antropologoek emango dute hitzaldia. (Barren.eus)

Idurre Eskisabel eta Lorea Agirre kazetari eta antropologoek emango dute hitzaldia, eta euskalgintzaren eta feminismoaren borrokak uztartu daitezkeela azalduko dute saioan

Orioko Ahalduntze Eskolak antolatuta, gaur arratsaldean euskaltzaletasuna eta feminismoa hizpide izango dituzte Idurre Eskisabelek eta Lorea Agirrek, 18:30ean hasita, Salatxo aretoan. Kazetari eta antropologoak dira biak, eta hainbat urte daramatzate euskalgintzaren eta feminismoaren uztarketaz gogoeta egiten. Hala, hausnarketa Lisipe bildumako Trikua Esnatu da liburuan bildu eta argitaratu zuten pasa den azaroan. "Gure lanketa oinarri batetik abiatzen dugu; uste dugu badaudela hainbat zapalkuntza faktore gure gizartean. Horietako bat da sexu-genero sistemak ezartzen duena; hau da, emakumeok emakume izateagatik baztertuta gaudela ohartu gara. Bestetik, gure bizimodua euskaraz ardazteko hautuak ere zapalkuntzara bideratzen gaituela ulertzen dugu".

Bi zapalkuntza horien mekanismoak aztertu dituzte, eta ondorioztatu dute bi kasuetan erabiltzen diren bazterketarako mekanismoak oso antzekoak direla. "Horregatik, erresistentzia eta eraldaketa bideak paraleloak izan daitezkeela iruditzen zaigu. Euskalgintzaren eta feminismoaren borrokek elkarrekin bidea egin dezakete". 

Intersekzionalitatea
Gizarteko botere harremanak ulertzeko intersekzionalitate kontzeptuaren garrantzia nabarmentzen dute Trikua Esnatu da liburuan. "Denok bizi ditugu bazterketa eta zapalkuntza egoerak, oso gutxi baitira goiko erpinean daudenak, erabateko pribilegio egoeran". 

Botere harremanak sare moduan irudikatzen ditu Eskisabelek, eta adierazi du zapalkuntzarako bideak "bat baino gehiago" izan daitezkeela, eta elkarren artean "gurutzatu" egiten direla une oro. "Zapalkuntza horiek hainbat faktorek eragiten dituzte, eta nagusienak hurrengo ardatzak dira: alde batetik, klase soziala edo baliabideetara iristeko dugun gaitasuna; bestetik, sexu-genero sistema eta, azkenik, jatorria". Ildo horretan, Euskal Herrian hizkuntzaren faktorea ere erabakigarria dela uste dute Eskisabelek eta Agirrek. 

Oro har, intersekzionalitatea oso tresna «interesgarria» dela iritzi diote antropologoek, baina bere arriskuak badituela aitortu dute. "Gaizki erabilita zapaldumetro bihurtu daiteke, eta zapalkuntza gogorrena zein den ezagutzeko lehiaketan erori daiteke. Horren aurrean, erabilera okerretik urrundu, eta gizartea ulertzeko eta eraldatzeko tresna izan behar duela uste dugu", adierazi du Eskisabelek. 

Ahalduntze Eskola
Arrakasta izaten ari dira emakumeen artean Ahalduntze Eskolak hiruhileko honetarako antolatu dituen jarduerak, eta Eider Goiburu eta Aizpea Esnaola teknikariak "oso gustura" daude herritarrek emandako erantzunarekin. Aurrerantzean ere ikastaroak antolatzen jarraitzeko asmoa dute, eta laster iragarriko dituzte apiriletik ekainera bitartera antolatutako hitzordu berriak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!