"Eskubaloiak dena eman dit, eta jasotakoa itzuli nahi diot kirolari"

IƱigo Gaiton 2020ko ots. 27a, 10:30

Toledoko Diputazioak Mikel Unanue sarituko du Kirolaren XXVII. Gala ekitaldian, probintziako gaztetxoen artean eskubaloia zabaltzen egiten ari den lanagatik.

Mikel Unanuek (Orio, 1983) ibilbide luzea du eskubaloi munduan. Aitak umea zela transmititu zion kirolarekiko pasioa, eta urte batzuk geroago, profesional moduan aritu zen jokatzen Asobal Ligako hiru taldetan. Orain, Toledoko Amibal taldeko entrenatzailea eta presidentea da, eta buru-belarri dabil lanean probintzian eskubaloia zabaltzeko xedearekin. Diputazioak lan horren aitortza egingo dio martxoaren 6an, eta saria jasoko du Kirolaren XXVII. Galan.
 
Noiztik bizi zara Toledon?
2005.urtean etorri nintzen lehen aldiz, 25 urte nituela, eskubaloiko jokalari profesional gisa. Gero Iruñean eta Pontevedran ere aritu nintzen urte batzuetan, eta 30 urterekin itzuli nintzen, bikotea hemengoa delako. Yunclillos herrian bizi gara.  
Itzulitakoan, Amibal taldean jokatzeari ekin nion, baita talde pare bat entrenatzeari ere. Taldearen arduradunei gustatu egin zitzaien nire lanerako modua, eta duela hiru urte elkarte osoaren ardura hartzea eskaini zidaten, erreleborik gabe geratu zirelako; entrenatzailea eta jokalaria izateaz gain, presidente kargua ere hartu nuen orduan.
 
Zein da zehazki zure lana?
Harrobia lantzea, Toledo probintzian eskubaloia ahalik eta gehien garatu dadin. Gaztetxoen artean kirola sustatzen saiatzen naiz, eta arreta berezia jartzen dut balore onen lanketan. Horretarako, proiektu bat dugu gure elkartean, Escuela de valores izenekoa.
Batetik, Amibal taldean egiten dut lan. Kategoria desberdinetako taldeen entrenatzailea izateaz gain presidente kargua ere badudanez, kudeaketari lotutako gaiez ere arduratzen naiz. Bestalde, lehen aipatutako Escuela de valores delako proiektuarekin inguruko bi herrietako ikastetxeetako gaztetxoei eskubaloian jokatzen erakusten diet.
 
Lan eskertua al da eskubaloia sustatzeko inurri lanean aritzea?
Bai. Asko gozatzen dut egunero gaztetxoekin egoten. Bestalde, ni ona etorri nintzenean hamabi laguneko taldetxoa entrenatzen hasi nintzen eta, orain, denera 200 jokalari ingururen ardura dut. Beraz, ari naiz nire lanaren fruituak jasotzen. Gaztetxo edo ikasleek ematen didatenaz gain, gurasoek asko baloratzen dute nire lana, eta hori ere pozgarria da niretzat.
 
Zure kasuan, txikitatik bizi izan duzu eskubaloia pasio handiarekin, ezta?
Bai, eta orain saiatzen naiz hori hemengoen artean zabaltzen. Izan ere, oso desberdina da Euskal Herriko edo hemengo kirol eskaintza. Guk, umetan, eskola-kirolean lau edo bost kirol desberdin probatzen genituen: hondartzako futbola, atletismoa, eskubaloia, saskibaloia... Hemen, berriz, ikasleak areto futbolean edo futbolean bakarrik aritzen dira. Orain, batzuek behintzat, eskubaloian aritzeko aukera ere badute.
 
Orokorrean, nola dago eskubaloia Espainian?
Garai batean Espainiakoa munduko liga onena zen. Krisia hasi zenetik, diru gutxiago bideratzen da eskubaloira, eta maila asko jaitsi da. Beharbada, bertako jendearentzat aukera gehiago daude goiko taldeetan jokatzeko, baina oso zaila da eskubaloiaz bizitzera iristea. Gu gazte ginela, dirulaguntza batekin joan ginen Eibarko Arrate taldean jokatzera. Baliabideak zeuden aurrera egiteko. Orain, berriz, askoz ere gutxiago daude.
 
Toledoko Diputazioak zure lana sarituko du Kirolaren XXVII. Galan, martxoaren 6an. Espero al zenuen?
Inondik ere ez! Ilusio berezia egiten didana zera da, hemen kanpotarra izanik, probintziakoek halako aitortza egitea. Ikastetxeetako ikasleekin egiten dudan lana ahoz aho zabaldu da gurasoen artean, eta horrela iritsi da epaimahaiko kideengana. Horrek asko balio du niretzat.
 
Eskaini nahi al diozu baten bati?
Nire aitari. Berarengandik jaso nuen kirolarekiko pasioa, eta berari esker iritsi nintzen eskubaloi jokalari profesionala izatera. Hasiera-hasieratik eman zidan babesa. Sari hau inork merezi badu, hori nire aita da.
 
Zer asmo edo helburu dituzu aurrera begira?
Orain arteko lan ildoari eustea da nire asmoa: Toledo probintzian eskubaloia zabaltzen laguntzen jarraitzea. Azken finean, ni eskubaloiak egin nau naizen bezalakoa. Eskubaloiarekin landu ditut nire eguneroko bizitzako balioak, nire bikotekidea eskubaloiaren bidez ezagutu nuen. Dena eman dit kirol honek, oso eskertua nago. Eman didan guztia kirolari itzultzen saiatzen ari naiz.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!