"Zirkuak eguneroko gorabeherei aurre egiten laguntzen dit"

IƱigo Gaiton 2020ko ots. 28a, 16:15

David Almazan (Castellon de la Plana, Herrialde Katalanak, 1983) zirku artistaren alter egoa da Circo Dabitxi. Larunbatean ikuskizuna emango du Etxeluze Gaztetxean, 18:00etatik aurrera. Bihar salduko dituzte sarrerak gaztetxean bertan, emanaldia hasi aurretik.

Nondik datorkizu zirku munduko afizioa?
Bederatzi edo hamar urte nituela, Benicassimeko (Herrialde Katalanak) lagun batek diabolo bat erosi zuen, eta haren atzetik, segidan, beste guztiok. Hura izan zen malabarekin izan nuen lehen harremana. Bestalde, gurasoekin ere joaten nintzen zirkua ikustera aukera suertatzen zenean. Gero, kirol teknikaria izateko ikasketak egiten ari nintzela, irakasle batek zangoekin, monozikloarekin eta halako tresnekin trebatzeko aukera eskaini zigun, kale ikuskizunak eskaintzeko aukerarekin batera, eta hor sentitu nuen benetako bulkada; ikasketak zirku mundura bideratzea erabaki nuen.

Non egin zenituen ikasketak?
Urte haietan zirku eskolak zabaltzen hasi ziren txoko desberdinetan, eta Iruñeko Oreka eskolara jotzea erabaki nuen, probatzera. Hurrengo urtean eskolakoek lana eskaini zidaten ikuskizun batean, eta hurrengoan, irakasleekin batera Oreka zirkuan sartzeko aukera izan nuen. Ikuskizun ederrak eskaini genituen Umore Azokan, Mas Difícil todavía jaialdian, Arrigorriagako festibalean eta beste hainbat lekutan. Aurrerago, irakasle lanetan ere aritu nintzen Orekan.

Nolatan erabaki zenuen Circo Dabitxi sortzea?
2015. urte inguruan, krisiaren ondorioz eskola itxi behar izan zuten, eta momentu hori inflexio puntua izan zen: urtebetez zer egin pentsatzen egon ostean, Circo Dabitxi sortu nuen. Ordurako urteak neramatzan zirkuan lanean, eta asko gustatzen zitzaidan ofizioa izanda, horretan jarraitzearen aldeko apustua egin nuen. Nire buruari beste aukera bat emateko sortu nuen Circo Dabitxi.

Zenbat ikuskizun eskaintzen dituzu katalogoan?
Oraintxe bertan bi: ¿Y... Pepu? eta La máquina y yo, Orion egingo dudana. La maquina y yo-k pertsonaren eta makinaren arteko harreman bitxia du ardatz. Bestalde, tailerrak eta ikastaroak ere ematen ditut.

Kritika soziala egiten al du?
Ez nuke esango ikuskizunak mezu argi edo konkretu bat duenik. Kontatzen dudana 80ko hamarkadan girotuta dago, eta ordurako makinek pertsonen gaineko botere dezente zuten. Kritika pixka bat egon daiteke; obraren hasieran, telefono baten hotsa entzuten da, eta inork ez du hartzen. Hori nahikoa ohikoa zen lehen. "Nahi badu, deituko du berriz" pentsatu, eta lasai egoten ginen, ez zen ezer gertatzen. Gaur egun, berriz, uneoro konektatuta gaude.

Nire helburua, mezu jakin bat helaraztea baino, jendeak ondo pasatzea da. Ikusleak eguneroko bizitzako arazoez ahaztu daitezen saiatzen naiz, emanaldian dauden bitartean. Hori da garrantzitsuena niretzat, ikusleek gozatzea.

Zer sentitzen duzu oholtza zapaltzen duzunean?
Gauza asko nahasten dira. Batetik, ardura oso handia sentitzen dut. Hau nire ogibidea da, eta oso serio hartzen dut. Bestalde, zirku munduko gainontzekoei diedan errespetuagatik, obrak ahalik eta ondoen egiten saiatzen naiz, jendeari zirkura sarriago joateko gogoa pizteko.

Noski, plazerra ere sentitzen dut. Bularraldea asko betetzen zait ordu luzez landutakoa publikoari erakustean. Ikusleak zuk egiten duzunarekin gozatzen ikustea gauza ederra da benetan.

Gure Zirkuak arrakasta izan du azken udetan. Lagungarria izan al daiteke sektoreko gainontzeko talde eta artistentzat?
Bai, dudarik gabe. Gure Zirkua ikusten gozatu duen ikusle batek gero errazago joko du nirea bezalako ikuskizun batera. Gure sektorean denok lagundu behar diogu elkarri, aurrera egin ahal izateko.

Urte onak al dira zirku munduan murgildu nahi dutenentzat?
Baietz esango nuke. Arte eszenikoak zabalduago daude orain, eta festibalen eta kale ikuskizunen zirkuitua oparoagoa da. Jende gazte dezente ikusten da konpainia desberdinetan proiektuak aurrera ateratzen, eta hori ere seinale ona da.

David eta Dabitxin, pertsona eta alter egoa. Erraza al da bereizketa egitea?
Muga nahiko lausoa da [barrez]. Eguneroko bizitzan, nire alabekin jolasten dudanean, adibidez, ikuskizunetarako pentsatzen ditudan ideiak probatzen ditut, eta haien erreakzioei adi-adi erreparatzen diet. Atzo, esaterako, kalejira batean izan nintzen, eta beharbada etorkizunean zirkuan antzeztuko ditudan gauza batzuk probatu nituen.

Lehen aipatu bezala, zirkua serio hartzen dut, eta saiatzen naiz lanean nagoen momentuetan horretan zentratzen; lanean nagoenean, lanean nago eta kitto. Horrela, zentratua nagoen momentu horietan, zirkuak eguneroko bizitzako gorabeherez ahazten laguntzen dit. Duela urte pare bat lagun min bat zendu zen mendian, eta bi hilabetez oso triste egon nintzen. Aurrerago, emanaldiek eta entseguek aurrera egiten lagundu zidaten. Bizitzari gogor eusteko indarra eman zidan zirkuak. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!