Etxe bateko sukaldean gas poltsa lehertu eta pertsona bat arin zauritu da

Onintza Lete Arrieta 2020ko mar. 4a, 08:28

06:00etan jaso dute abisua suhiltzaileek, eta Eusko Gudari kaleko etxebehe bateko bizilagun guztiak atera dituzte beren etxeetatik. Izan ere, leherketak sutea eragin du. 08:00ak baino lehen itzalita zuten sua, eta isuritako gasa aireztatzen ari ziren. Ondoren, euren etxeetara itzuli ahal izango dute bizilagunek.

KARKARAk leherketa izan den gunean zegoen suhiltzaile batekin hitz egin du, eta hark azaldu duenez, Eusko Gudari kaleko etxebizitza bateko sukaldean gertatu da leherketa gaur goizaldean. Antza, propano gas poltsa osatu da, eta horrek eragin du leherketa, "norbait sukaldean sartu denean, argia piztu duenean, edo ez dakigu zehazki zein momentutan".

Leherketak sutea eragin du, eta ondorioz, pertsona bat "erre da, baina zauri arinak ditu". Anbulantzian eraman dute ospitalera.

Suhiltzaileek 06:00etan jaso dute abisua, eta laster itzali ahal izan dute sua. Hala ere, bizilagun guztiek kalera irten behar izan dute, eta 07:30ean kalean jarraitzen zuten. "Behetik gora aireztatzen ari gara eraikina, eta ondoren beren etxeetara itzultzeko aukera izango dute bizilagunek", azaldu du suhiltzaileak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!