"Rockeroagoa da aurten argitaratuko dudan guztia"

Iñigo Gaiton 2020ko mar. 5a, 12:50

Ibai Marinek (Donostia, 1978) ‘Viernes Lobo’ singlea eman zuen argitara otsailean, rock klasikoaren kutsua duen abestia. Urte bukaerarako disko berria argitaratzeko asmoa du. 

Sortzaile gisa, musika kontsumitzeko bide berrietara ohitu nahian dabil Orion bizi den musikaria. Viernes Lobo singlearen ondoren, beste kantu bat emango du argitara uda aldean, eta urte amaieran, disko berria. Ilusioz erreparatzen die datozen hilabeteei, Hira taldeko abeslaria izan zen donostiarrak.

Zein izan da Viernes Lobo singlea kaleratzeko bulkada nagusia?
Zerbait berria egiteko gogoa. Bidean naiz diskoa duela urtebete pasatxo atera genuen, eta hau momentu ona iruditu zait. Urte bukaeran aterako dugun disko berriaren aperitifa da Viernes Lobo; disko berria egosten ari naizela ezagutzera emateko abisua.

«Bada ostiral gauero errepikatzen den zerbait...» dio abestiak, lehen ahapaldian. Zer da behin eta berriz gertatzen den hori?
[Barrez] Zer ez zaigu gertatu ostiral gauetan? Asteburu bateko gorabeherak kontatzen ditut abestian. Gozamenetik sufrimendura egon daitekeen tarte txikia azaltzen saiatzen naiz, nola, berehala, ospakizun eder batetik bakarrik egotera pasa gaitezkeen. Gurpil zoro horretatik aterata, ustez bere lekua bilatu duen pertsona baten talaiatik egina dago kantua.

Singleak rock klasikoaren estandarrak betetzen ditu. Horren bila joan al zara?
Bai. Aurreko diskoa, Bidean naiz, organikoagoa zen, intimoagoa. Oraingo honetan, berriz, hortik pixka bat aldentzen saiatu naiz, pieza rockeroagoa osatzeko.  

Viernes Lobok indarra du, bizitasun handiagoa.
Martxosoagoa da, dantzagarriagoa.

Zuzenean ere aurkeztu zenuten Larratxon jotako kontzertuan. Zer sentsazio izan zenituen? 
Kontzertua primeran atera zen, egia esan. Kantari dagokionez, publikoari oso ondo iritsi zitzaion, iritzi onak jaso genituen.

Taldea ondo trinkotuta antzeman daiteke abestian. Betidanik zurekin ibili diren musikariekin grabatu al duzu?
Oso gustura nago estudioan egin genuen lanarekin. Aritz Pardina gitarrista eta Libana Taboada kantaria nirekin daude bakarkako bideari ekin nionetik, eta horiez gain, beste musikari batzuk ere parte hartu zuten grabaketan. Harkaitz Bastarrikak baxua grabatu zuen. Lehen ere jo izan dugu elkarrekin, musikalki konexio oso ona dugu.

Bestalde, jende berria sartu nahi nuen, freskotasuna emateko, eta eskarmentu handiko bi musikari lortu nituen: Paul San Martinek hammonda grabatu du, eta Gus Gonzalezek bateria. Bi hauen lana harrigarria izan da, beren zigilua laga dute kantan.

Hain zuzen ere, hammond organoa da kantuaren bereizgarrietako bat; aurreko diskoan ez zenuten erabili, ezta?
Rock klasikoaren kutsua ematen dio kantari. Orain artean ez genuen abestietan sartu, ez. Rockean handiak izan diren talde askok erabili izan dute: Deep Purplek adibidez. Soinu oso berezia du, instrumentu ederra da.  

Azken hilabeteetan sorkuntza prozesuan murgilduta egon zara. Zein izan dira gehien entzun dituzun taldeak?
The Black Crowes-ek harrapatuta nauka azken aldian. Erosi dudan azken diskoa Lynyrd Skynyrd-ena izan da. Talde mitikoak biak ala biak. Gaur egungoei dagokionez, Los Zigarrosek egiten duena musika ona iruditzen zait benetan. Tarqueren azken lana ere bikaina da.

Baliabide digital txukunekin, etxean kalitate duina duten gauzak grabatu daitezkeela esaten da. Kasu honetan, Elkarren egin duzu grabaketa. Zer balio erantsi du halako estudio batek?
Batetik, abestia zuzenean grabatu nahi nuen, musikari guztiek batera jota. Horretarako, leku zabala behar izaten da talde osoa sartzeko, eta tokiak soinu ona  izan behar du. Elkarrek oso ondo betetzen ditu bi baldintza horiek. Bestalde, estudio on bat zapaltzeak ematen duen plazera ere hor dago: mikroak ondo jarrita, espazioa, erosotasuna...

Gainera, halako estudioek anplifikadoreei egurra emateko aukera eskaintzen dute, eta niretzat, horien soinua ondo harrapatzea da garrantzitsuena, egiazko soinua. Baliabide teknologikoek eskaintzen dituzte imitaziorako aukera oso onak, baina egiazko soinua dagoen lekuan...  
Gaur egun, musika asko kontsumitzen da telefonoaren bidez. Merezi al du grabaketetan halako kalitatea bilatzeak, gero abestiak erresoluzio eskaseko gailuetan entzungo badira?
Niretzat bai, besteak beste, abestiak nire plazererako egin eta grabatzen ditudalako. Dena den, egia da musika telefonoan entzuteak esperientzia bera asko eskasten duela; alde ederra dago abestiak vinilo edo entzungailu on batzuekin kontsumitzen direnean.  

Viernes Loborekin batera,  ondo grabatutako bideo bat argitaratu zenuen. Orain beste kanta bat grabatu duzu, uda hasieran ateratzeko, eta urte bukeran, disko berria. Entzuleei materiala zatika ematea garai digitaletara egokitzeko modua da?
Dudarik gabe. Aipatzen duzun hori guztia bizi garen erritmo eroaren ondorio zuzena da. Jendeak gauza azkarrak nahi ditu, kanta bat edo bi, eta kito. Zoritxarrez, inork gutxik ematen dio entzunaldi osoa 15 abestiko disko berri bati. Disko berriak 8 abesti inguru izatea aurreikusten dut.

Eginak al dituzu guztiak?
Oraindik denak ez.

Aurreko diskoaren ildoari segituko al dio berriak?
Bai, baina Viernes Loborekin antzeman daiteke eman nahi dudan aldaketa. Elektrikoagoa izatea nahi nuke, rockeroagoa. Aurreko lanaren eboluzio logikoa jarraituko du lan berriak, baina salto bat egongo da. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!