Borroka feministara batzera deitu dute Orioko kaleetan gaur eguerdian

Onintza Lete Arrieta 2020ko mar. 8a, 15:05

Goizean hasi dira motorrak berotzen Orion Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, eta 13:00etan egin dute gaurko ekintza nagusia: herria zeharkatu duten manifestazioa.

Antolatu, indarrak batu borroka feministara lelo hartuta, dozenaka herritarrek hartu du parte Xaltxerak talde feministak, Ahalduntze Eskolak eta udalak antolatutako manifestazioan. Bertan izan dira, herritarrekin batera, Anuska Esnal alkatea (EH Bildu) eta Ana Priede zinegotzi sozialista ere.

Protestan atera diren emakume askoren eskuetan, mezuz betetako kartelak; euskaraz gehienak, batzuk gaztelaniaz nahiz arabieraz ere bai. Errespetua eskatuz batzuk, lan beragatik soldata bera aldarrikatuz beste batzuk, baita askatasuna aldarrikatuz ere.

Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren deialdiek izango dute jarraipenik beste zenbait egunetan:

Martxoak 13, ostirala, 22:30ean: Evaren alabak antzezlana Kultur Etxean.

Martxoak 24, asteartea, 18:30ean: Irakurketa feminista saioa. Guztiok izan beharko genuke feministak, Chiwamanda Ngozi Adichieren manifestua.

Martxoak 31, asteartea, 18:30ean: Hitzaldia: Zaintzaren esklabo, etxeko langileen egoeraz. Hizlaria: Silvia Carrizo. Gazteleraz izango da saioa.

Apirilak 4, larunbata, 15:00etan: Emakumeak* piraguan, Arraunetxen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!