"1.400 lagun bildu ditu Orion Gipuzkoako Hip Hop txapelketak"

Karkara 2020ko mar. 11a, 09:02
Ouarda Mallal. Artxiboko argazkia. (Aritz Mutiozabal)

Joan den larunbatean Gipuzkoako Hip Hop Txapelketa jokatu zen Orion, eta jendetza bildu zen Karela kiroldegian. KARKARAk Ouarda Mallal antolatzailearekin hitz egin du. 

OUARDA MALLAL - Dantzaria eta Gipuzkoako Hip Hop Txapelketako antolatzailea

Nolako erantzuna izan zuen Gipuzkoako Hip Hop Txapelketak?
Jendetza bildu zen; Karela Kiroldegia goraino bete zen. Dena dela, hasiera batean izena emanda zeuden talde pare batek huts egin zuten, koronabirusaren inguruan sortu den beldurragatik.

Zuretzat erronka al da maila horretako txapelketa antolatzea?
Lan handia eskatzen du. Orain txapelketa ezaguna da, baina honaino heltzeko lan handia egin behar izan dut. Lehen urtean Donostian antolatu nuen, eta bederatzi taldek bakarrik parte hartu zuten. Urteak igaro ahala,  hazten joan da txapelketa; hainbat herritan antolatu izan dugu, baina nire herrira ekartzeko beharra sentitu nuen. Akatsetatik ikasten joan gara, eta bederatzigarren honetan oso gustura gaude egin dugun lanarekin.

Ekitaldiak zenbat lagun bildu dituen ba al dakizue?
Parte hartzaileak eta ikusleak kontuan hartuta, 1.400-1.500 lagun inguru bildu dira txapelketan. Datorren edizioa hamargarrena izango da. Urteurren borobila ospatzeko zerbait berezia antolatzeko asmorik ba al duzue? Datorren urteko txapelketa berezia izatea nahi dugu, eta hainbat berrikuntza izango du. Ez dut gehiegi aurreratu nahi, baina nazioarte mailako epaimahaia ekarri nahi dugu. Lotura estua duzu dantza munduarekin.

Nondik datorkizu zaletasuna?
Txikitan hasi nintzen dantza ikasten, Marokon bizi nintzenean. Lehenengo ekialdeko dantzetan murgildu nintzen, eta dantzarako oso trebea izan naiz txikitatik. Ondoren, nire aitak erakutsita, 70eko hamarkadako dantzak ezagutu nituen. Garai horretan Marokon ez zegoen Hip Hopa ikasteko eskolarik, baina Belgikan bizi ziren lehengusuek erakutsi zidaten dantza estilo hori. Udako oporraldian etortzen ziren bi hilabete pasatzera, eta uda osoa pasatzen genuen Breakdancea eta Hip Hopa dantzatzen, etxeko zabaltzan. Behin Espainian nintzenean Hip Hop irakasle garrantzitsuekin ikasten hasi nintzen eta, ondoren, beste hainbat dantza estilotan trebatu naiz.

Dantza estilo desberdinak lantzen dituzu, beraz?
Bai, dantzarena oso mundu zabala da, eta ikasteko nahiz sakontzeko aukera dago beti. Orain, esaterako, Afro Hause eta Afrobeat estiloak eta Bollywoodeko dantzak ikasten ari naiz. Euskal Herrian, 16 urte daramatzat dantza irakasle lanetan, eta txapelketa askotako epailea ere izan naiz. Horrez gain, dantza jaialdietatik ere deitzen didate erakustaldiak emateko. Dantzarena oso mundu konplexua da, eta orain ari naiz egindako lanaren eta ibilbidearen fruituak jasotzen. Oso gustura nago lortu dudanarekin.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!