Iker Gurrutxagaren MusikaHaria saioa irrati-uhinetan da astelehenetik ostiralera

Karkara 2020ko mar. 19a, 16:40

Kazetari oriotarra "oso gustura" dabil Naiz irratiko musika tartean. 10:00etatik 12:00etara bitartean emititzen dute bere irratsaioa, eta  nobedadeak, agenda kontuak, elkarrizketak etab. eskaintzen dizkie entzuleei.

Iker Gurrutxaga otsaila erdialdean hasi zen Naiz irratian lanean. Ordutik, MusikHaria irratsaioa dihardu kazetari oriotarrak, eta asko gozatzen ari da irrati-uhinen artean, gustuko dituen bi esparru uztartzen dituelako. "Irratigintza maite dut, eta txikitatik egon naiz musikari lotuta, modu batera edo bestera", azaldu dio KARKARAri. "Umetan eskusoinua jotzen nuen, eta gaztetan, gitarra; biak nahikoa eskas, egia esan... Gero, Gozategirekin musika munduaren beste alor bat ezagutzeko aukera izan nuen, eta azken urtetan, DJ modura aritu izan naiz", zehaztu du.

Irratian, entzuleei ahalik eta konpainia onena egiteko helburuarekin aritzen da lanean; hori du motibazio nagusia. Gainera, "haien feedbacka" ere jasotzen du tarteka, eta hori "zoragarria" da berarentzat.

Orain, koronabirusak eragindako egoera dela eta, etxetik ari da lanean. "MusikHarian berritasunak, agendari lotutako gaiak, elkarrizketak etab. lantzen ditugu, baina bizitzen ari garen egoera berrian, beste modu batera lan egiten saiatzen ari naiz", azaldu du Gurrutxagak. "Denok etxean sartuta egon behar dugula kontutan hartuz, entzuleekin beste era batera konektatu nahi dut. Nire lanarekin, jendeak etxean kirola egin dezan egiten dut ahalegina, horretarako bereziki aukeratutako kantak eskainiz; umeentzako piezak ere jartzen ditut, eta dantzarako edo koreografietarako egokiak direnak ere bai".

Ikerrek abestien edo gaien proposamenak egitera gonbidatu ditu herritarrak. Bere irratsaioa astelehenetik ostiralera entzun daiteke Naiz irratian, 10:00etatik 12:00etara bitartean. Orion 93.8 frekuentzian, eta interneten irratia.naiz.eus helbidean.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!