Kultur etxetik koordinatuko da herriko zaintza sarea aurrerantzean

Karkara 2020ko mar. 21a, 09:00

Laguntza behar dute adineko herritarrei zaintza sarearekin harremanetan jartzeko deia egin die Orioko Udalak. Hurrengoa da telefono zenbakia: 642 409 422.

Zaintza sarea sortu da herrian, 70 urtetik gorako oriotarren jarraipena egiteko eta erosketak egiteko laguntza eskaintzeko asmoz. Ehun lagunetik gora izena eman dute egitasmoan, eta antolaketa lana eskatzen duenez, aurrerantzean kultur etxetik koordinatuko dute.

Hurrengoa izango da prozedura. Laguntza behar duen lagunak zaintza sareko telefono zenbakira deituko du, eta zaintza-sarearen arduradunak zer erosi nahi duen galdetuko dio, eta datu batzuk eskatuko ondoren, boluntario batek telefonoz laster deituko diola azalduko dio. Ondoren, boluntarioak adinekoari deituko dio eta nor den azaldu eta gero, behar dituen produktuen zerrenda hartuko dio. Jarraian, boluntarioa kultur etxetik pasako da kalera irteteko beharrezko babes neurriak eta udalaren erosketa egiteko txartela jasotzera. Izan ere, boluntarioek erosketak ez dituzte eskudirutan ordainduko, udalaren txartelarekin baizik. Hori dela eta, erosketa egindakoan tiketaren bi kopia eskatuko dituzte dendetan; bata erosketaren poltsan grapatuko dute eta bestea beraik gordeko dute, gero zerbitzuaren arduradunari emateko.

Udaletik argitu dutenez, boluntarioek eta erabiltzaileek ez dute inoiz zuzeneko kontakturik izango. Boluntarioek etxe atariraino eramango dute poltsa, eta bertan uzten dutenean, erabiltzaileari deituko diote erosketa ate ondoan utzi diola esateko.

Boluntario sarea
Boluntario sarean parte hartzeko aukera zabalik dute herritarrek, baina udaletik gogorarazi dute hainbat baldintza bete behar direla horretarako. Alde batetik, boluntarioek ezin dituzte gaixotasun sintomak izan; hala nola, sukarra, ahulezia, buruko mina edo eztula. Bestetik, garrantzitsua da COVID-19 gaixotasuna izan duen edo kontaktua izanagatik isolatuta dagoen pertsonaren batekin harremanetan ez egotea. Horrez gain, arrisku taldeetako pertsonek edota adinekoek ere ezingo dute boluntario sarean parte hartu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!