Gutuna: Juan Priede gogoan

Karkara 2020ko mar. 22a, 10:30

Orioko Herritar Foroak gutuna idatzi du, Juan Priede oriotarraren hilketaren 18. urteurrenean.

Martxoaren 21ean, 18 urte bete dira Juan Priede Perez jauna hil zela; 18 urte, Orioko taberna batean kafea hartzen ari zela hil zuten egunetik. Udaberrian sartu ginen egun berean hil zuten gizona, Orioko herritarrek udal hauteskundeetan botoen bidez zinegotzia izan zedin aukeratutako sozialista. Mendiak, zelaiak eta parkeak lorez edertzen zaizkigun garaian, heriotzak saminez bete zuen gure herria.

Orain, 18 urte geroago, guk gogoan dugu gizon hura, gogora ekarri nahi dugu, adierazteko haren hilketa giza eskubide oinarrizkoenaren kontrako indarkeria onartezina izan zela.

Giza eskubideen artean bizitzeko eskubidea da lehena eta oinarrizkoena. Orion elkarbizitza sustatzeko orain dela urte batzuk sortu zen Foro honetako kideok herritar guztion giza eskubide guztien aldeko aldarrikapena egin nahi dugu, haien aldeko defentsa sutsua, eta gizon haren izen ona agertu. Bide batez, Juan Priederen seme-alabei eta gainerako senideei gure elkartasuna helarazi nahi diegu.

Orioko Herritar Foroa

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!