Orioko Udalak energia-plana onartu du datozen hamar urteetarako

Karkara 2020ko mar. 22a, 14:30

Plan horren barruan, lehentasuna izango dute kaleko argiek eta kiroldegiak, gaur egun horiek osatzen dutelako Orioko Udalaren energia-kontsumoaren zatirik handiena.

Orioko Udalak energia plana onartu du, eta 1.562.000 euroko inbertsioa egingo du datozen hamar urteotan. Hala, gaur egun kontsumitzen den energia %40an murriztea dute helburu. Bestetik, udal-eraikinak berotzeko erabiltzen duen energiaren %50 energia berriztagarria izatea ere lortu nahi dute, eta Udalak sortzen duen C02 kopurua ere %40 murriztuko da horrela: gaur egungo urteko 894,2 tonatatik 536,52 tonatara pasatuko da.

Plan horren barruan, lehentasuna izango dute kaleko argiek eta kiroldegiak, gaur egun horiek osatzen dutelako Orioko Udalaren energia-kontsumoaren zatirik handiena.

Gastatu adina aurreztuko du Udalak hamar urtetan
Hamar urteko inbertsio-plan horren bidez diru asko aurreztuko du Udalak, energia-kontsumoa jaitsita. Udalak kalkulatzen du aurrezpen horren diruak berdindu egingo duela datozen hamar urteotan egindako inbertsioen kostua.

Udalaren energia-plana Efibizi enpresak egin du, Haritz Jauregi oriotar ingeniaria buru dela. Plana idazteak 14.000 euroko kostua izan du (BEZik gabe) eta udal talde-guztiek onartu dute, aho batez.

Aurtengo inbertsioak
Dagoeneko martxan daude energia-planaren 2020ko lan ildo nagusiak:

  • Kale-argiko 700 puntu aldatuko dira 2020an
  • Kiroldegian hainbat inbertsio egingo dira, energia aurrezteko: igerilekuko fokoak aldatu…
  • Surfeko lokaleko eta kanpineko ur beroa ekoizteko sistemak aldatu egin dira, energetikoki efizienteagoak izateko.

Energia-planaren berri zehatzagoa izan nahi duenak, eskura ditu txostena bera eta horren laburpena:

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!