Orioko joskintza taldeko kideak osasun langileentzat maskarak eta mantalak egiten ari dira

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko mar. 24a, 09:00
Rosaura Bravo irakaslea osasun langileentzat maskarak egiten.

80 lagun inguru ari dira osasun langileentzat materiala egiten. Taldeko irakasle Rosaura Bravok taldekideak egiten ari diren ahalegina aitortu eta eskertu du.

Koronabirusak hankaz gora jarri du gizartea eta agerian utzi ditu osasun sistemaren gabeziak. Ospitaletako, osasun zentroetako edo adinekoen egoitzetako osasun langile asko beharrezkoak diren babes pertsonalerako neurriak hartu gabe lanean ari dira, materiala falta delako. Hala, herri ekimenetik sortuta, Ostargi joskintza taldeko kideek osasun langileentzat maskarak eta mantalak egiteari ekin diote norbere etxetik. Rosaura Bravo irakasleak sare sozialen bidez bidaltzen dizkie osasun arloko materiala egiteko bideoak, eta arrakasta izaten ari dira eskualdean. Orion ez ezik, inguruko herrietako jostunengana ere iritsi baita ekimena. "Taldean erizain batzuk ditugu, eta mezua iritsi zitzaigun Donostiako osasun zentroetan mantalik gabe lanean ari zirela azalduz. Segituan jarri ginen martxan". Mantalak etxean egin ahal izateko hainbat bideo ikusi zituen joskintza irakasleak, eta ohartu zen nahiko zailak zirela taldeko kideentzat, asko jostun hasiberriak direlako. "Buruari bueltak ematen hasi zen, eta plastikozko poltsa handiekin mantalak modu errazagoan egin zitekeela konturatu zen Bravo, eta ikasleei bidali zien jarraibideak azaltzen zituen bideotxoa.

Horrez gain, osasun langileentzat maskarak ere egiten ari dira joskintza taldeko kideak. "Erizainak diren lagunak ditut; ez dute koronabirusa duten gaixoekin lana egiten, baina nabarmendu didate oso garrantzitsua dela babes neurriak hartzea. Ez kezkatzeko esan nien, eta maskarak egiten hasi ginen. Jakin badakigu telazko maskarak ez dutela besteak bezain beste babesten, baina ezer baino hobeak dira". Orion 80 lagun inguru ari dira osasun langileentzat materiala egiten, eta oso pozik dago Rosaura Bravo irakaslea, "ekimenak harrera paregabea" izan duelako joskintza ikasleen artean. "Eskerrak eman nahi dizkiet taldeko kideei, deia egin orduko lanean hasi zirelako eta, zailtasunak zailtasun, ahalegin handia eginez helburua lortzen ari garelako. Txapeldunak dira denak", nabarmendu nahi izan du. 

Materiala lortzeko zailtasunak
Laguntzeko eta lana egiteko gogoz gainezka daude Orioko jostunak, baina hainbat oztopo ere aurkitu dituzte bidean. "Mantalak eta maskarak egiteko materiala falta zaigu.Telak eta joskintzako materiala saltzen dituzten dendak itxita daude, eta etxetik atera ezin dugunez, materiala lortzea zaila egiten ari zaigu. Badakit herriko amona batzuk etxean dituzten maindire zuriak emateko prest agertu direla, eta Argiñe Azkaratek maskarak egiteko beharrezkoa den elastikoa ere eskaini digu".  Bravok "bihotzez" eskertu du herritarren keinua.

Herriko jostunek eskuartean duten proiektua ez da Ostargi taldeak egin duen lehen ekimen solidarioa. "Duela hilabete eskas Saharako errefuxiatu kanpamenduetan bizi diren emakumeentzat konpresa ekologikoak egiten aritu ginen. Telazko ehun konpresa baino gehiago egin genituen denon artean", azaldu du irakasleak. Bravoren esanetan, joskintza tailerrean garrantzi handia ematen diote materialaak berrerabiltzeari, eta horretarako proiektu desberdinak garatzen ari dira.
 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!