"Kulpa sentimendua dolu prozesuetako korapilorik handiena da"

Karkara 2020ko mar. 24a, 12:00

Orion bizi den Patxi Izagirre psikologoa doluan aditua da, koronabirusa gizartean sortzen ari den egoeraz aritu da. Izan ere, Berria egunkarian azaldu du pausa bat dagoela koronabirusaren ondorioz hil direnen ingurukoen dolu prozesuan, "ez baitago luto soziala egiteko aukerarik".  

Koronabirusaren ondorioz, hainbat pertsona ari dira hiltzen bakardadean. Ingurukoak, sarri, ezin daitezke haiekin batera egon, eta horrek eragina du haietako bakoitzaren dolu prozesuan. Patxi Izagirre psikologoa (Zumarraga, Gipuzkoa, 1970) doluan aditua da; aholku batzuk eskaini ditu dolu prozesuetan laguntzeko.

Egunotan, jende asko ari da bakarrik hiltzen. Nola eragiten du horrek ingurukoen doluan?
Dolua egiteko orduan, garrantzitsua da hiltzear dagoenaren ondoan egotea. Egoera honetan, ordea, badirudi dolu prozesua pausa moduko batean gelditzen dela. Desagertutako pertsonen kasuan ere, esate baterako, pausa bat dago, baina baita ziurgabetasuna ere, ez baita gauza jakina hila dagoen ala ez. Kasu honetan, ez da horrela. Badakigu gertatu dela, baina, aldi berean, ezinezkoa zaigu harengana hurbiltzea eta agurra ematea. Hor sortu daiteke frustrazioa, haserrea edo kulpa sentimendua, ez baitago agur humanoa emateko aukerarik. Enkistamendu txiki bat sortzen da, eta sufrimendua.

Agur humanoa aipatu duzu, baina orain zaila da agur horiek egitea. Zer gertatzen da hor?
Orain ezin dira agurrak egin, eta, beraz, hori ere zintzilik gelditzen da; agur horiek kolektiboak izan ohi dira, familiarenak, lagunenak. Ezin direnez egin, ondoren erabaki beharko litzateke agurra egitea komeni den. Bitarte horretan, hildakoak ez du agurrik jasotzen, baina agurra eman nahi dutenak ere etxeetan gelditzen dira itxita, tribu barruko doluminak jaso gabe. Halako errituek kolektibo moduan batzen gaituzte, baina kasu honetan, hutsune edo pausa bat sortu daiteke.

Agurrik gabeko pausa horretan nola lagun diezaiokegu dolua egin behar duenari?
Orain, badirudi dolua ere onlineegin behar dugula. Luto sozialean, batzuk telefono eta mezu bitartez saiatzen dira doluminak transmititzen. Ez dago beilatokirik edo etxeko bisitarik, eta, beraz, tresna horietara ari gara egokitzen. Gainera, norbere etxean egoteak moztu egiten du hurbilketa, besarkada humano hori. Halako egoeretan garrantzitsua da adieraztea hemen gaudela eta sentitzen dugula, baina gehiegi enpatxatu gabe. Izan ere, batzuetan mezu gehiegi bidaltzen dira, inbaditzera iritsi arte.

Jarraitu irakurtzen Berria egunkariaren webgunean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!