Jon Zamakola: "Ez dut zalantzarik koronabirusa izan dudanik, baina ez daukat frogarik"

Onintza Lete Arrieta 2020ko mar. 27a, 09:00

Madrilen bizi da oriotarra, eta sukar altuarekin pasa ditu egun batzuk joan den astean. Arnasa hartzeko arazorik ez zuenez, "lasai" egon da, han sistema kolapsatuta egon arren.  "Orain osasuneko ondorioak ikusten ari da gizartea; laster, ondorio ekonomikoak azalduko dira".

Koronabirusak gogor astindu du Espainia, eta foku nagusia Madril hiriburua da. Han bizi da duela bizpahiru urtetik Jon Zamakola (Orio, 1988). Bankako langilea da, 8.000 laguneko enpresa batean.

Aurreko asteko ostegunean hasi zen sukarrarekin, eta hasieran ez zuen uste koronabirusa izango zenik, bestelako sintomarik ez zuelako. Ez eztulik, ez arnasa hartzeko arazorik. Horregatik, lasai zegoen. Ostiralean gaizki pentsatzen hasi zen, ia 40ra igo zitzaiolako sukarra, eta horrela igandera arte egon zen. "Deitu genuen ospitaleetara, baita Madrilen jarri dituzten telefono berezietara ere, baina dena kolapsatuta dago, zain uzten zaituzte eta ez dizute inoiz hartzen telefonoa. Dena kolapsatuta dago: osasun langileak kutsatuta daudelako pertsonal falta dago, eta toki falta ere badago; ospitale pribatuak ere publiko bihurtu behar izan dituzte". 

Aplikazio bat jarri dute jendeari halako diagnostiko bat egiteko, baina Zamakolaren ustez, ez du askorik konpontzen egoera. "Aplikazioak arrisku taldekoa zaren ala ez ikusten du, eta esaten dizu gaztea bazara eta sintoma arinak badituzu, onena etxean egotea dela". Sukarra bakarrik eduki duenez, paracetamola hartzen aritu da hiruzpalau egunez, "esaten dutelako ibuprofenoa ez dela ona".

"Ez dut zalantzarik koronabirusa eduki dudanik, baina ez daukat frogarik. Sintoma larririk ez baduzu, inor ez zaizu etxera etortzen listuaren proba egitera, orain ez dutelako horretarako mediorik", iritzi dio oriotarrak. Eta argi du albistegiek esaten dutena baino "askoz kutsatu gehiago" dagoela Madrilen. "Jende askok ez du sintomarik ere, ezin da kontabilizatu beraz, eta gainera, sintoma arinak ere ez dira kontatzen, bakarrik ospitaleratzen badira edo oso kasu larriak".

Etxetik ari zen lanean lehendik, enpresak hala eskatu zielako langileei. "Dekretua atera baino lau egun lehenagotik etxean nengoen jada, handik ari nintzen lanean. 8.000 laguneko enpresa gara eta lankide batek positibo eman zuen. Ez gertuko lankide batek, baina ez dakigu han kutsatu nintzen, ala emazteak pasa didan eta berak sintomarik ez eduki, ez dakigu. Gainera, etxetik ari nintzen lanean, baina aste hartan lagun batzuekin egon nintzen futbol partida bat ikusten eta afaritan".

Ostiralean ez zuen lanik egin, baina ezta baja hartu ere. "Egun bat faltatu nuen lanera, eta kito". Baina badu lagun donostiar bat Madrilen bizi dena, eta hari enpresak esan dio jada aldi baterako enplegua erregulatzeko txostena eskatuko duela, eta bera langabeziara joango dela. "Soldata bera kobratuko du, langabeziarena enpresak osatuko diolako bere egungo soldatara iritsi arte. Orain arte entzun dudan kasu bakarra da, baina uste dut hemendik aurrera horrelako asko egongo direla". Zamakolaren arabera, "orain osasuneko ondorioak ikusten ari da gizartea; laster, ondorio ekonomikoak azalduko dira".

Emaztearekin bizi da, eta hark ez du sintomarik eduki. "Oraingoz ondo dago eta nik jada egun batzuk pasa ditut... Gazteak izanik, badirudi normala dela sintomarik ez izatea". Lasai daudela gaineratu du oriotarrak. "Arnasa hartzeko arazorik ez baduzu, esaten dute ez dagoela kezkatzeko arrazoirik". Igandetik sukarrik ez duenez, hortik hasita hamabost egun kontatuko ditu, eta hortik aurrera, kalera ateratzen hasiko da erosketak egitera behintzat.

"Jendeari esan nahi nioke ez beldurtzeko. Normalena da, arnasa hartzeko arazorik ez baduzu, sukar bat izatea okerrenean. Ez dago kezkatzeko arrazoirik. Hemen  Madrilen dagoen arazoa da lehendik gaizki bazaude, eta koronabirusak jotzen bazaitu, ospitaleak ez daudela prestatuta zu atenditzeko. Eta horregatik ari da jendea hiltzen".

Madrilgo giroa

Zamakolaren ustez normala da Madril izatea Espainian koronabirusak gehien eragin duen eremuetako bat.  "Turismo asko du Madrilek, eta gainera jende askok bidaiatzen du negozioengatik, eta normala da fokuetako bat hau izatea. Gasteiz izan da niretzat sorpresa, horrela, gertukoa".

Une hauetan han dagoen giroari dagokionez, batetik, azpimarratu du enpresa handi asko dagoela han, eta telelan asko egiten dela. "Nik ezagutzen ditudan guztiek, baina guztiek, egiten dute telelana orain". Baina beste aldea ere badagoela argi du: "Nik uste dut jende asko ari dela lanera joaten eta osasuna arriskuan jartzen. Metroak eta autobusek martxan jarraitzen dute eta hor kutsa zaitezke. Beraz, neurri hauek gogorrak dirudite, baina bazegoen gogorragoa egitea ere".

Zer bota dute faltan beraiek? "Espainiako Gobernuak, konfinamenduaren dekretua atera aurretik, telelana egitea gomendatzen zuen, eta etxean geratzea. Baina garraio publikoa ez zuen moztu, eta jendea egunero ordubeteko bidaiak egiten zebilen metroan, zutik, bagoiak gainezka zirela. Jendea kutsatzen ari zen. Eta hori ez zuten moztu? Dekretua bera ere berandu etorri da, gutxienez astebete lehenago egin beharko zuketen. Baina tira, hori jada badakigu denok".

Zamakolak dio jendea etxeetan ikusten dela, eta beste toki askotan bezala, han ere egunero 20:00etan balkoietara ateratzen direla herritarrak. "Gure auzoan etxebizitza asko dago, eta bizilagun batek iluntzero jartzen du musika eta jende mordoa ikusten da balkoietan kantuan". Lehen supermerkatuetan zegoen kaosa ere baretu dela uste du. "Gogoan dut supermerkatura joan eta gauza mordoa falta zela: ez zegoen komuneko paperik, ez produktu freskorik... Orain gutxi atera da nire bikotea erosketak egitera, eta ez zuen arazorik eduki. Pixkanaka jendea gauzak ondo egiten hasi da".

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!