Orioko Udalak eta Badihardugu elkarteak akordioa sinatu dute, herriko ahozko ondarea jaso eta zabaltzeko

Karkara 2020ko mar. 27a, 08:30

Asteazkenean sinatu zuten hitzarmena, bitarteko telematikoen bidez.

Akordioaren helburua Orioko ahozko ondarea jasotzea eta zabaltzea da, Euskal Herriko Ahotsak proiektuaren barruan. Proiektu zabal horren barruan, Orioko ahotsak atala dago eta atal hori sendotu eta aberastuko dute Udalak eta Badiharduguk.

Hitzarmena urtebeterako sinatu dute, baina bi aldeen asmoa da datozen urteotan ere elkarlanean segitzea, herritarren testigantza berriak jasotzen eta guztion eskura jartzen.

Euskal Herriko Ahotsak proiektua

Badihardugu elkarteak urteak daramatza Euskal Herri osoko jendearen testigantzak bideoan eta audioan jasotzen, Bizkaitik hasi eta Zuberoraino. Batez ere adineko jendearen ahotsa erregistratzen dute, beren ahozko ondarea eta hizkera jasotzeko. Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta hedatzea da proiektuaren helburu nagusia.

Grabatutako bideoak ahotsak.eus webgunean jasotzen ditu elkarteak, guztion eskura jartzeko. Dagoeneko 6.000tik gora hizlariren jarduna biltzen du eta guztia libre kontsultatzeko moduan dago.

Orioko Ahotsak

Ahotsak.eus webguneak badauka dagoeneko Orioko testigantzak jasotzen dituen atala:

https://ahotsak.eus/orio/

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!