Kale egoeran dauden pertsonak Txurruka aterpetxean hartuko dituzte aurrerantzean

Karkara 2020ko mar. 28a, 11:19

Kale egoeran dauden pertsonen arreta indartzen jarraitzeko asmoa azaldu zuen atzo Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Koronabirusaren bueltan egunero ematen ditu azalpenak erakundeak, eta atzo jakinarazi zuen aterpetxe batzuk egokituko dituela egoera zaurgarrian eta babesgabean dauden herritarrentzat.

Hain zuzen ere, Hondarribiko aterpetxeaz gain, Orioko Txurruka ere egokituko dute egoitza-bazterketa egoera larrian dauden pertsonentzat. “Caritasen Hotzaldi baliabideari laguntza emango diogu, eta, gaur bertan, 20 pertsona eraman dira Orioko aterpetxera”, azaldu zuen Eider Mendoza foru bozeramaileak. Zarauzko aterpetxea prestatzeko lanean ere ari direla esan zuen.

Aldundiak adierazi zuen udalekin, hirugarren sektoreko elkarteekin eta Osakidetzarekin elkarlanean ariko direla: “Udalen eta gizarte eragileen arreta baliabideak indartzen jarraitzea da helburua, horrela, testuinguru honen aurrean, egoera zaurgarrietan eta babesgabean dauden pertsonak babesten jarraitzeko”.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!