PuntuEus fundazioak digitalizatzeko aukera eskainiko die negozio txikiei

Karkara 2020ko mar. 29a, 08:30

Koronabirusak eragindako egoera dela eta, ostalariei, merkatariei nahiz artistei bultzada emateko sortu da laguntza programa. Webgunerik ez dute negozioek eta profesionalek urtebeterako doan eskuratu ahal izango dituzte .eus domeinua eta zerbitzaria. "Atea fisikoak itxi behar izan dituzten horiei ate berri bat, ate digitala, zabaltzen laguntzea da egitasmoaren helburua", PuntuEus fundazioko kideen arabera.

Koronabirusa dela eta, ohiko jarduera bertan behera utzi behar izan duten negozio eta proiektu txikiei digitalizatzen laguntzeko Ireki ate berri bat egitasmoa jarri du martxan PuntuEus fundazioak. Ostalariei, merkatariei nahiz artistei bultzada emateko sortu du laguntza programa, Dinahosting eta Cdmon erregistratzaileekin lankidetzan, eta jarduerak edo proiektuak digitalizatzea du xede. Horrenbestez, webgunerik ez dute negozioek eta profesionalek urtebeterako doan eskuratu ahal izango dituzte .eus domeinua eta zerbitzaria. Horrez gain, domeinu-izena duen helbide elektronikoa ere eskuratuko dute programan parte hartzen dutenek.

“Atea fisikoak itxi behar izan dituzten horiei ate berri bat, ate digitala, zabaltzen laguntzea da egitasmoaren helburua”, PuntuEus fundazioko kideen arabera. Laguntza eskaerak egin daitezke dagoeneko, PuntuEus fundazioaren webgunean. Gainera, PuntuEus-ek webgune bat nola sortu pausoz pauso azaltzen duten hainbat bideo jarri ditu Youtuben herritarren eskura. Bideo horiek, Kaixomundua.eus hezkuntza proiekturako sortuak dira, baina PuntuEus-eko kideen arabera, “oso baliagarriak” izan daitezke informatika ezagutzarik ez duten eta webgunea sortu nahi duten profesionalentzat. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!