Bi koronabirus kasu berri baieztatu dituzte Orion

Karkara 2020ko mar. 28a, 14:45

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, bi positibo berriekin, Orion 3 herritar daude COVID-19 birusak jota. Orokorrean, positibo kopuruaren igoera nahikoa apala izan da eskualdean.

Koronabirusaz kutsatutako Urola Kostako herritarren kopuruaren igoerak ez du etenik. Eusko Jaurlaritzak egunez egun ematen dituen datuek joera hori berretsi egin dute; izan ere, atzoko 20:00ak arterako positibo kopuruak gora egin du. Hala eta guztiz, eskualdeko herrietan ez da gorakada hain nabarmena izan: atzo baino zazpi kasu gehiago atzeman dituzte Urola Kostan.

Zumaian eta Orion atzeman dituzte zazpi kasu horietako lau: azken 24 orduetan zortzi kasu izatetik hamar izatera pasatu da Zumaia eta kasu bat izatetik hiru izatera Orio. Aldiz, Getarian, Azkoitian eta Zarautzen kasu bana atzeman dute: Getarian eta Azkoitian hiru dira jada, eta Zarautzen 42. Gainerako herrietan, zifra berarekin segitzen dute: Azpeitian hiru kasu daude baieztatuta, eta Aian bakarra. Bailarako gainerako herrietan ez dago positibo kasurik. Halere, proba egin dioten herritarren araberakoa da datu hori, eta baliteke Jaurlaritzak kaleratutako datuez haratago, birusa duten herritarrak gehiago izatea.

Euskal Herriko datuak bestelakoak dira Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eman dituzten datuen arabera. Azken 24 orduetan 535 kasu atzeman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta hamalau lagun hil dira. Nafarroan, berriz, 219 izan dira positibo berriak, eta 12 pertsona hil ditu gaitzak. Hego Euskal Herrian, guztira, 6.965 kasu diagnostikatu dituzte, eta 311 pertsona hil dira COVID-19 birusaren ondorioz.

Bizkaia da kutsatu gehien dituen herrialdea, 2.186 positiborekin; atzo baino 277 kasu gehiago atzeman dituzte han. Nafarroan 1.829 lagun daude kutsatuta, atzo baino 219 gehiago; Araban 1.779, atzo baino 169 gehiago; eta Gipuzkoan 894, atzo baino 89 gehiago. Aldiz, Araba da koronabirusaren eraginez hildako gehien dituen lurraldea: han 109 pertsona hil dira; Bizkaian 103; Nafarroan, 70; eta Gipuzkoan, 29.

Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan koronabirusa duten 2.549 herritar daude ospitaleratuta. Ospitaleko senda agiria jaso duten herritarrak, berriz, 1.121 dira. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 12.665 test egin zituzten atzora bitartean, Osakidetzak jakinarazi duenez.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!