"Momentu honetan, ez du zentzurik botikara hortzetarako pasta, bikarbonatoa edo halako produktuen bila etortzeak"

IƱigo Gaiton 2020ko mar. 29a, 15:49

Ana Lasa (Orio, 1987) botikari familiako hirugarren belaunaldikoa da, eta ondo ezagutzen du ofizioa. Egunotan lanez gainezka dabiltza farmazian, eta koronabirusak sortutako egoerarekin kezkatuta dago. Dena dela, ekimen ederra eta beharrezkoa iruditu zaio herrian sortu den zaintza sarea, arrisku taldeetako lagunak babestea ezinbestekoa dela uste duelako.

Nola ari zara bizitzen koronabirusaren krisia?
Hasieratik ikusten genuen gaia kezkagarria zela, baina inork ez zuen espero hain larria izatera iritsiko zenik. Birusa hurbiltzen hasi ahala, kezkatzen eta urduri jartzen hasi nintzen, egia esan. Dena den, egoerari aurre egiteko gure lana beharrezkoa zela ulertu nuen berehala; hasieratik iruditu zitzaidan garrantzitsua birusa saihesteko arauak errespetatzea, jendeak hasieran hori ulertu ez arren. Egia da, orokorrean, hemen behintzat, jendearen portaera ona izaten ari dela. Denon artean aurre egin behar diogu arazoari, batez ere, birusa arrisku taldeetako jendearengana ez iristeko.

Zure lanari dagokionez, ohi baino ordu gehiago egin al dituzu lanean?
Bai. Herritarren beharrei ahalik eta erantzunik onena ematen saiatzen gara, eta farmazian lan handia izan dugu, jende ilara esanguratsuekin. Egun batzuetan, minutu bat ere ez dut deskantsatu. Horren ondorioz, atzeko lanak atzeratzen joan zaizkigu, normalean farmazia itxi ondoren egiten ditugunak.

Zuentzat zer ari da izaten zailena osasun krisialdi honetan?
Jende asko etortzen da farmaziara benetan premiazkoak ez diren produktuen bila. Horren ondorioz, trabatu egiten da gure funtzionamendua, eta zerbitzua dezente moteldu.
Orain ez du zentzurik botikara hortzetarako pasta edo bikarbonatoa erostera etortzeak.

Herritarren artean, zein da kezka nagusia?
Jendeak birusaren eragina noraino iritsiko den jakin nahi izaten du, hori da kezka nagusia. Nire ustez, garrantzitsuena, arrisku taldeetako lagunak babestea da. Kontuan izan behar da farmaziara etortzen diren herritarren %80tik gora jende polimedikatua izaten dela, eta horientzat larria izan daitekeela birusaren eragina. Tentsio handiarekin bizitzen ari gara gaia.

Osasun arloko langileon kasuan, nola babesten duzue zeuen burua? Kezkatzen al zaitu zeure osasunak?

Hasiera batean, segurtasun distantziekin hasi ginen. Aurreneko astean jendeak ez zuen hori serio hartzen, eta gu urduri jartzen ginen, arriskua ikusten genuelako. Konfinamendua martxan jarritakoan, jarrera aldaketa antzeman genuen. Segurtasun distantzia zaintzen dugu, maskarak eta eskularruak erabiltzen ditugu eta metrakilatozko panelak ere egin genituen, babesteko. Tentsioa eta halako probak ez ditugu egiten oso beharrezkoak ez badira, jendearekin kontaktua ekiditeko.

Nire kasuan, etxean konfinamenduan eman ditut egun batzuk, kalentura dezima batzuekin. Lanera itzultzeko moduan egon arren, ezin izan dut farmaziara joan, prebentzioagatik. Nire osasunak kezkatzen nau, baina ez niregatik, besteak kutsatzeko beldurragatik.

Zergatik ez dira test gehiago egin?
Baliabide gutxi ditugulako. Hasieran jende dezenteri egiten zizkieten testak, baina baliabideak bukatu ahala, kasu larrienei bakarrik egitea adostu zen; egia da onena sintomak dituen orori egitea dela, baina ez da posible izan, baliabide gabe geratu zirelako. Dena den, sintomak dituenak ez du etxetik atera behar.

Koronabirusak irudi oso gogorrak utzi ditu, baina gizalegezko jokabideei ere bide eman die, ezta?
Orioko zaintza sarearena adibidez, ekimen oso ona iruditu zitzaidan. Horren berri izan nuenean, alkatearekin hitz egin nuen, ekimena guretzat oso egokia delako: farmaziara adineko jende asko etortzen da, eta koronabirusaren aurrean, haiek dira zaurgarrienak. Herritarrek solidaritatea erakutsi dute, eta halako egoera batean, eskertzekoa da benetan. Tarteka, momentu txarrenetan ateratzen dira gauza onenak.

Aurrera begira, baikorrak izateko arrazoirik ba al dugu?
Ez da galdera erraza. Denon artean egin behar dugun ahalegina da hau, eta arauak zehazki betez gero, lortuko da arazoari traza hobea ematea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!