"Txinan egoera ari da normaltzen pixkanaka"

Karkara 2020ko api. 3a, 08:26

Duela ia lau urte, unibertsitateko proiektu batek Txinara eraman zuen Eñaut Marti (Orio, 1991). Herrialdeak eskaintzen zizkion aukerak ikusita, han bizitzen geratzea erabaki zuen.

EÑAUT MARTI - Musikaria eta musika irakaslea

Koronabirusaren krisia ia gainditu duzue Txinan. Zer nolako egoera bizi duzue gaur egun?
Pixkanaka ari gara krisiaren aurreko bizimodua errekuperatzen. Lehengo astean, arauak eta lege-murrizketak altxatzen hasi ziren, eta, tira, egoera hobea da orain. Dena den, orain gutxira arte, jatetxe batera sartzeko, adibidez, kode bat eskatzen zizuten, eta horren arabera, bazekiten gaixotasuna pasatakoa zinen, kutsaturen batekin harreman zuzena izan zenuen etab. Kontrol handia egon da.  Beraz, oraindik ez zarete guztiz normaltasunera itzuli. Gezurra esango nizuke baietz erantzungo banizu. Hemengo jendea joaten da lanera, baina kanpotarren kasuan, aurretik berrogeialdia egin behar dute denek, askotan gobernuak agindutako hotel batean (faktura norberak ordaindu behar du). Berrogeialdi hori hautsiz gero, gobernuak atzerritar hori herrialdetik kanpo botatzeko eskumena du. Momentu honetan, txinatarren kasuei baino beldur handiagoa dago kanpotik datozenei. Espainiako pasaportera erakutsiz gero, jendeak bi urrats egiten ditu atzera... 

Nolako arrastoa laga du gaitzak herrialdean?
Nolabait esatearren, kalean antzeman daiteke «gerraoste» edo tankerako sentsazio bat. Halako gauzak ez dira egun batetik bestera ahazten, eta arrastoa uzten dute: ekonomian, jendearen beldurrengan, ohituretan... 

Nola eragin dio osasun krisiak zuen negozioari?
Koronabirusaren aurretik lau musika eskola genituen zabalik, eta hiru itxi egin behar izan ditugu. Ez zuen zentzurik alokairuak ordaintzen jarraitzeak. Lokal bat mantendu dugu biltegi modura, gure instrumentuak eta bestelako gauzak jasotzeko. Enpresa asko dagoeneko hasi dira lanean, baina gu hezkuntza esparrukoak garenez, oraindik geldirik gaude; ez dute zehaztu haurrak noiz itzuliko diren eskoletara. 

Zer asmo dituzue aurrerantzean?
Maiatzan lanean hasteko esperantza dut. Egia esan, zorte handia izan dugu. Gure lantaldeak oso ondo ulertu du egoera, eta aurrera jarraitzeko moduan izango gara. Denon soldatak jaitsi genituen lanpostuak bermatu ahal izateko, eta zorionez, langileak ondo egokitu dira planteatu genien irtenbidera.

Lan egiteko modurari dagokionez, gaitza zabaltzen hasi zenean online programa bat sortzeari ekin genion, eta egia esan, horri esker, martxa mantendu dugu. Bestalde, interneten bidez, langileekin harremana mantentzen saiatzen gara. Urtarrila bukaeran oporrak hartu genituenetik ez ditugu ikusi haietako batzuk, eta guretzat garrantzia handia du giza-harreman horiek ondo zaintzeak.

Shangai qiutian taldeko partaidea ere bazara. Zertan zabiltzate azken asteotan?
Etxean estudio txiki bat dugu, eta itxialdian zehar gitarra jotzen ordu asko eman ditut. Taldearekin bigarren diskoa grabatzeko asmoa dugu, eta horrekin ordu asko joan zaizkit. Hasiera batean, diskoa Taiwanen grabatu nahi genuen, baina pandemiak sortu duen egoeragatik, oraingoz behintzat ez da posible izango.

Txinan pasa duzue krisiaren faserik txarrena. Nola ikusten duzu hortik Euskal Herriko egoera?
Ni ez naiz gai hauetan aditua, eta ez dut inor epaituko, ez naiz ausartzen. Erraz esan daitezke «Espainiako gobernua berandu ibili da» eta halako esaldiak, baina ez da gai erraza. Bada asko gustatzen zaidan esamolde bat: «Krisi baten aurretik neurri guztiak gehiegizkoak dira, eta krisian sartutakoan, gutxiegi». Zaila da asmatzen. Txinaren kasuan, hemengo gobernua autoritarioa da, eta praktikoki, beraientzat askoz ere errazagoa da neurri gogorrak hartzea. Espainian edo beste herrialde askotan, gobernuan indarrean dagoen alderdiak beldurra izaten dio erabaki baten ondorioz indarra galtzeari; alderdi politikoak lau urteko jokoan ibiltzen dira, eta halako krisi baten aurrean, horrek eragin handia izaten du erabakiak hartzerako garaian. 

Birusa Euskal Herria kolpatzen hasi zenean, banuen albisteak irakurtzeko ohitura, baina gerora laga egin nion. Urduri jartzen hasi nintzen familiakoengan pentsatzen. Gurasoek lanean jarraitu behar izan zuten egun batzuetan zehar, eta nire baitarako pentsatzen nuen "zer arraiogatik jarraitzen duzue lanera joaten? Geratu etxean!". 

Baikorra al zara etorkizunera begira?
Baikorra beti. Lehenago edo beranduago, pasako da pandemia hau, eta ikasgai handia izango da denontzat. Nire kasuan, esparru pertsonalean behintzat, gaitzak ez nau mugaraino eraman, zorionez. Enpresari dagokionez, ordea, bai. Muga-mugako egoera bizi izan dugu, eta azkar hartu ditugu erabakiak, larritasunak hala behartuta: eskolak itxi, langileekin gauzak adostu, online programa martxan jartzearen aldeko apustua egin... Alde onari erreparatuz, koronabirusak berriz hasteko aukera eman digu; edo, behartu gaitu, behintzat. Orain, pixkanaka, ondorioak aterako ditugu lankideekin, eta hortik lezioren bat ikasiko dugu. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!