Aurtengo jaunartzeak urriaren 4an izango dira

Karkara 2020ko api. 5a, 09:46

Unai Manterola parrokoak gutuna bidali die lehenengo jaunartzea egingo duten umeen gurasoei, jakinarazteko bertan behera gelditzen dela berez ezarrita zegoen eguna, hau da, maiatzaren 17a.

Inork ez daki COVID-19 birusagatik ezarritako alarma egoerak noiz arte iraungo duen, eta konfinamendua amaitu ondoren ere, noiz hasi ahalko diren ospatzen ekitaldi jendetsuak. Aurten maiatzaren 17an egitekoak ziren Orion lehenengo jaunartzeak San Nikolas parrokian, baina Unai Manterola parrokoak gutuna idatzi die gurasoei. Haren esanetan, "ez dirudi hilabete barru bete eta bermatu beharreko baldintzak emango direnik hainbeste jende elizan biltzeko".

Horregatik, "arduraz jokatuta", eguna urriaren 4ra atzeratzea erabaki du, "Urola Kostako beste parrokiekin datak adostuta". Eguerdian, 12:00etan izango da hitzordua parrokian.

Aste gehiago konfinatuta

Hain zuzen, atzo arratsaldean jakinarazi zuen Espainiako Gobernuak konfinamendua bi astez luzatuko dela, apirilaren 26ra arte, eta ondoren ere pixkanaka itzuli beharko duela gizarteak normaltasunera.

Ikusteko dago, beraz, ekitaldi jendetsuak egiteko aukera noiz izango den.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!