Hiru koronabirus kasu berri atzeman dituzte Orion

Denera, hamahiru dira COVID19 gaitzak jotako herritarrak Orion; Aian, berriz, zifrak ez du gorabeherarik izan azken egunetan, eta bi izaten jarraitzen du.

Igande iluntzeko datuen arabera, 154 lagunek eman dute positiboa koronabirusaren testetan Urola Kostan. Bezperako datuekin alderatuta, zazpi kasu gehiago detektatu dituzte eskualdean. Azken orduetan, Orio, Zarautzen, Zumaian eta Aizarnazabalen eman dira koronabirus kasu berriak.

Larunbatetik  igandera bitartean, Orion izan da hazkunde handiena. 10 kasu positibo izatetik 13ra pasa da 24 orduko epean. Zarautzen beste bi kasu detektatu dituzte, eta 82 herritar daude kutsatuta. Zumaian kasu bat gehiago izan da, eta 34 bizilagunek eman dute oraingoz positiboa. Aizarnazabalen beste kasu bat detektatu dute, eta, igandeko datuen arabera, bi herritarrek dute gaitza.

Eskualdeko gainerako herrietan ez da gorabeherarik izan. Azpeitian zortzi herritarrek dute COVID-19 gaitza, eta Azkoitian zazpik. Getarian eta Zestoan hiruna kasu positibo eman dira; eta Aian bi. Beizaman eta Errezilen ez da oraingoz kasurik baieztatu. Hauek, beti ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko datuak dira, benetan gaixorik dagoen herritar kopurua handiagoa izan daiteke eta.

340 positibo gehiago Hego Euskal Herrian

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kaleratutako azken datuen arabera, dagoeneko 11.701 lagun daude kutsatuta eta 735 hil dira gaitzaren eraginez. Larunbatetik igandera detektatutako kasu positiboetan jaitsiera izan da, eta 340 kasu detektatu dituzte Hego Euskal Herrian. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, atzotik gaur bitartean koronabirusean positibo eman dute 182 pertsonek. Denera, 8.810 kasu positibo zenbatu ditu Osakidetzak hiru lurralde horietan. 33 hildako gehiago izan dira koronabirusagatik azken orduetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Nafarroan 3.231 kutsatu zenbatu dituzte, eta 187 dira hildakoak, bezperan baino bederatzi gehiago. Ipar Euskal Herriko datu zehatzik ez dago.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!