Iñaki Arrillagaren nazioarteko estropada birtuala

Karkara 2020ko api. 9a, 11:00

Irudien bidez nazioarteko estropadaren kontakizuna egin du Iñaki Arrillagak.

Apirilaren 25ean jokatzekoa zen Orioko Nazioarteko Estropada, aulki mugikorreko hitzordu garrantzitsua, baina gainontzeko kirol ekitaldi guztiak bezala bertan behera geratu da, koronabirusaren eraginez. Tradizio handiko estropada da, Euskal Herriko zein nazioarteko ontziek parte hartu izan dutelako bertan, tartean Oxfordek eta Cambridgek. Apirilaren 25erako ere arraun ikuskizun bikaina prestatzen ari zen Orio Arraunketa Elkartea, baina bertan behera geratu denez, nazioarteko estropada birtuala irudikatu nahi izan du Iñaki Arrillaga artista oriotarrak. "Etxean geratzeko agindua ezarri zutenetik ekarpentxoa egiten ari dira herriko sortzaileak, herritarron konfinamendua arintzeko. Nik ere nire hondar alea jarri nahi izan dut, eta nazioarteko estropadak bertan behera geratu direnez, estropada birtuala irudikatzea bururatu zitzaidan. Gaiarekin lotutako hainbat marrazki eginak nituen eta beste batzuk hasita baina bukatu gabe. Hala, nire buruari egunero marrazki bat egiteko erronka jarri nion, eta egindako lana herritarrekin partekatu nahi izan dut", azaldu du Arrillagak.

Orain arte sare sozialen bidez argitaratu du oriotarrak nazioarteko estropada birtuala, eta jende askorengana iritsi dela aitortu du. "Beste arraun elkarteen artean ere zabaldu dut, eta jende askok ikusi du marrazki bilduma". Izan ere, irudi bidez estropadaren kontakizuna egin du Arrillagak. "Kartel bat egin nuen aurkezpen modura, eta estropadako une desberdinak jaso ditut marrazkitan: taldeen aurkezpena, ontzia uretara ateratzeko unea, arrauna euskailuan lotzeko momentua, estropada bera....". Gainera, xehetasun mordoa jaso ditu Arrillagak irudietan; hainbat ontzi mota, arraunak, talde desberdinak eta beste hainbeste zehaztasun. Horregatik, marrazki bilduma ikusita, nazioarteko estropaden giroan mugildu daitezke ikusleak etxetik atera ere egin gabe.

Hona hemen Arrillagak egunez egun egin duen kontakizuna

NAZIOARTEKO ESTROPADA BIRTUALA

Martxoaren 29a: Partaidetza handia izango da, egunez egun joango gara estropada irudietan azaltzen .
Gaur hasiko gara ORIOko taldearekin, eta klasiko batekin gure errioan OXFORD.
Martxoaren 30a: Gaur beste bi talde ditugu, HONDARRIBI eta CAMBRIDGE.
Martxoaren 31: DONOSTIAtik etorrita hemen dabiltza entrenatzen URKI eta ARRAUN.
Apirilaren 1a: Sevillatik etorrita gaur ikusi ditugu LABRADORESko mutilak Espainiako txapeldunak ,eta gure bakarkako (skifista) arraunlaria.
Apirilaren 2a: Zer nolako ezustekoa!!!Tokioko Joko Olimpikoak bertan behera gelditu ondoren, Alemaniako arraun selekzioa Oriora etorri da, traineruen mundua ezagutzeko eta ea aukerarik badu Kontxako estropadan parte hartzeko. Orio Arraunketa Elkarteak utzitako traineruarekin eta arraunekin Oria ibaian ikusi ditugu entrenatzen.
Apirilaren 3a: Lehenbiziko estropadak hasi dira, hemen skifistak martxan.
Apirilaren 4a: Gaurkoan kanporaketak jokatu dira.
Apirilaren 5a: Gaurko txandan 4koak arituko dira .Gure mutilak prest dena emateko.
Apirilaren 6a: Skifista uretara ateratzen.
Apirilaren 7a: Estropadan skifista.
Apirilaren 8a: Arraun pala horiak.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!