Cisneros maisua

IƱaki Iturain 2020ko api. 10a, 14:30

Iñaki Iturainek KARKARA aldizkariko "Oroimenaren kutxa" atalean argitaratutako artikulua.

Arrantzaleen Kofradiako etxea lurrarekin berdindu zuten 2019ko udazkenean. Oriotar askorengan pena eta iraganmin sentimenduak sortu zituen eraisketak. Herriko literatur lehiaketan idatzi ere egin dute batzuek kofradiaren gainean. Mikel Iruretagoienak bertso ederrak jarri zizkion, eta Iñigo Gaitonek ipuin itxurako gogoeta hunkigarria idatzi zuen, etxe hartako zenbait gertakari gogoan.

Gauza asko erori ziren kofradiarekin batera betiko. Oroimenean geratuko zaizkigu: San Nikolasen irudia, barometroa, katuak, beheko sotoak arrantzaleen tresnez beteak, arkupeetako aterpea, hango bankua, arrantzale zaharren topalekua, balkoian arrantzarako bandera…; eta herriko gizon askorentzat, txikitan han igarotako eskola urteak.

Izan ere, kofradiaz gain etxe hartan mutilen bi eskola ere egon ziren. Eskola haietatik oriotar asko pasatu gara, 1950eko hamarraldian jaiotako mutil gehienak. Maisu Eugenio Arbilla, Jose Campos eta Luis Cisneros ibili ziren kofradiako bi ikasgeletan.

Arbilla eta Campos biak ere aspalditxo hil ziren. Luis Cisnerosek 85 urte ditu orain. Uda garaian bisitan etortzen da Oriora azken urteotan. Aurtengo abuztuaren 11n luze jardun genuen hizketan. Herriko frontoian egokitu ginen elkarren ondoan, Orioko senegaldarrek herritarrontzat antolatu zuten bazkarian, arkumearen festa zela-eta.

Frontoiko topaketan kofradian maisu izan zen garaiko kontu asko gogoratu genituen. Haiek ekarri ditugu hona. Nongoa den galdetuta, Inongoerrietakoa omen da. Hala esan zigun: "De ninguna parte y de muchos sitios". Bizkaian jaioa da Luis Cisneros, Karrantzan. Orain Roquetas de Mar herrian bizi da, Almerian. Hori bai, gauza bat garbi dauka: "Errepublikan jaioa naiz, eta errepublikarra" (1934an jaioa da).

Gurasoak maisu-maistrak izan zituen biak, eta bera ere maisu ibili da lan-bizitza osoan. Aita komandante ibili zen Errepublikaren armadan 1936ko gerran. Gerra bukatuta, hamar urte ezkutuan eman zituen (1939-1949), bestela garbitu egingo zutelako. Luisek 15 urte zituela, 1949an, ihes egin zuten Frantziara Hondarribitik barrena; baina De Gaullek entregatu egin zituen Espainiako poliziari. Maisu izateko ikasita, ibilbide luzea egin zuen lanean: Zaldibia, Oñati, Lasarteko Mitxelin enpresan, Errenteria, Irun, Maltzaga, Aginaga eta Orio.

Emaztea Lasartekoa du, Ana Mari Agirre. Herriz herriko ibilbidean jaio zitzaizkien hiru seme-alabak: Jesus Lasarten, Susana Aginagan eta Jone Orion, bertan bizi den bakarra.

Kofradiako eskolan
Oriora, haren aurretik ibilitako Jose Campos ordezkatzera etorri zen. Aurrena kofradian aritu zen; gero, ikastetxe berrian. Hogei urte eman zituen herrian maisu-lanetan, 1966tik 1986ra. Orduan, Andorra aldera jo zuen. Kofradiako eskolak Escuela de Orientacion maritima y pesquera zuen izena. Kofradiako eskolako lehenengo urteetan, 8 eta 14 urte bitarteko mutilak denak batera hartzen zituen ikasgelan. Urte batean, 64 haur izan zituen batera. Haietako asko 14 urterekin itsasoan hasten ziren, bapore batean txotxo. Neguko arratsetan, arrantzaleak lehorrean ziren garaian, haiei ere ematen zien eskola, patroititulua ateratzeko.

Garai hartako eskolan berrikuntza ziren hainbat gauza sartu zituen. Eskulanak egiten hasi ziren: egurra tailatzen, pintatzen, marketeria... Mutilak, kirol egiten; haurren futbol taldeak eratu ziren Zarauzko plaieroetan jokatzeko, Aguiluchos izenean. Eguna egunkariko albisteak irakurtzen hasten zuten. Xakea sartu zuen eskolan; ikasleak Lasarteko txapelketara eraman zituen. Eskolan xakean ikasi zutenek herrian txapelketa antolatu zuten, 1978 aldean, Orion helduentzat antolatu den bakarra (Antonio Baylin praktikantea geratu zen aurrena, eta Jesus Mari Segurola bigarren). Telebista jarri zuen ikasgelan (orduan berritzailea zen hura). Pintura klub bat sortu…

Aurreneko urteak frankismo betean eman zituen kofradiako eskolan, euskarak eta euskal kulturak eskola publikoan inolako tokirik ez zuten garaian, ikasle batek zerbait gaizki egiten zuenean hura jotzea ez bakarrik normala, egin beharrekoa zenean. Dena dela, Luisek aitortzen du batzuetan eskuak arinegi erabili zituela. Gauza bat esaten du harro:haren gelan ez zuten sekulaCara al sol edo frankismoari lotutako kanturik kantatu ikasleek.

Maisu, pintore eta zinegotzi
Orion ibili zen denboran, gauza askotan inplikatu zen. Gestoras Pro Amnistia taldean ibili zen. Arraun klubaren sorreran, klubak izan zituen hamaika abal-emaileetako bat izan zen Luis, beste zenbaitekin: Patxi Zaldua zena, Felipe Arostegi… Elizan itxialdi bat egin zuten, protesta batean. Francoren diktaduraren ondorengo aurreneko udal hauteskundeetan, PSEko hautagaia izan zen, eta zinegotzi hautetsia. Pintatzea zuen Luisek orduan zaletasunik handiena; denbora librean pintorea zen eta Vis pseudonimoarekin sinatzen zituen bere koadroak. Harremana izan zuen Gipuzkoako hainbat artistarekin. Haietako birekin batera, euskara ikasteko ahalegina ere egin zuen, Rafael Ruiz Balerdi eta Eduardo Txillidarekin, baina ez zuten ikasi.

Luisek dioenez, Eusko Jaurlaritzak Orioko Goiko Kalea eremu historiko-artistiko izendatzea lortu zuen, espekulazio urbanistikotik babesteko. Orioko korrespontsal ere izan zen. Egunkariko orrialdeetan, ibaiaren kutsadura salatu zuen zenbait aldiz. Egiten ari ziren Bilbao-Behobia autopistako zubiaren proiektuaren kontra agertu zen, errioko bi posteak arrantzaleentzat eta lehorreko lur-betelan handi hori oinezkoentzat oztopo handia zirelako. Horregatik bota zuten egunkaritik. Gero Radio San Sebastianeko korrespontsal ibili zen, 1986an Oriotik joan zen arte.

Hondartza aldean dauden ahateak-eta 1980 inguruan jarri zituzten, lehen-lehenengo guardia zibilek plaia txikian zuten kasetan, haiek handik botatzeko; bazekitelako guardia zibilak orduan ez zirela ausartuko herritarren kontra egiten. Asmatu egin zuten. Pako Barjakoba zenarekin-eta ibili zen horretan.

Bere lanik onuragarriena herrian ikastetxea eraiki zezaten bultzatzea izan omen zen, Juan Zaraguetaren izena hartu zuen eskola. Hura eraikitzeko egin zuten borrokan, orduko ministroarengana iritsi zen, Madrilen. Gero, ikastetxe berria zabaldu zutenean, han greba egin zuten, maisu-maistren lan baldintzak hobetzeko eskatzeko, eta irabazi, helburua lortu.

Horraino, iazko udako frontoiko elkarrizketan Luisek gogora ekarritakoak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!