«Uste dut uda honetan arrauna ikusiko dugula»

Aitor Manterola / BERRIA 2020ko api. 23a, 17:30

Arraun mundua lanean ari da udan traineru estropadak izateko, eta lanean ari den bat Orioko entrenatzailea da. Arrauna izaten bada, nolakoa izango den: horixe ez dakiela onartu du.

Konfinamenduan ere ez du aspertzeko astirik Jon Salsamendik (Orio, Gipuzkoa, 1970). Orioko entrenatzaileak entrenamenduak prestatzen dizkie arraunlariei, entrenamenduetan egoten da birtualki, eta udan traineru estropadak jokatzeko ere buruari eragiten ari zaio.

Zer aldatu zaizue prestakuntzan, ageriko kontuez gain?
Aldaketa handiena eragin diguna izan da etxetik egin behar dugula lan guztia, eta, arrauna taldeko kirola izanik, banatuta egin behar dugu: horixe da gure oztopo edo traba handiena orain. Bestela, arraunlaria ohituta dago etxean entrenatzen, neguko entrenamendu aldian askotan egiten dugulako lan horrela. Baina egoera normal batean etxean entrenatzen ari denean, arraunlariak badaki asteburuero uretara joango garela. Gaur egun, denok gaude etxean eta denok gaude bakarrik, jakin gabe noiz izango dugun elkartzeko aukera. Horrek dena aldatzen du. Lan fisikoa eta teknikoa moldagarria dira, teknologia erabiliz moldatu daitezkeelako lan horiek egoera honetara. Baina buruko lanean gertatzen ari dira aldaketa handienak, arraunlaria ezer baino lehen pertsona baita. Arraunlari bakoitzaren egoera psikologikoa kontuan izan gabe, ez luke zentzu handirik arlo fisiko-teknikoa kontrolatzeak. Haienganako gertutasunean gure esku dagoen guztia egiten saiatzen ari gara.

Ahalik eta normaltasun itxura handiena eman nahian, aste honetan esfortzu proba egin dute zure arraunlariek.
Saialdi berezi bat da. Lan eta ardura asko eskatzen du, eta, logistika aldetik sekulako zama izaten ari den arren, lortzen ari gara. Egokitu beharra daukagu, batez ere lan psikologikoa ondo egin ahal izateko.

Aditu asko esaten ari dira kirola lehiara itzultzen denean lan fisikoak bainoago lan psikologikoak izango duela aparteko garrantzia emaitzetan. Zu ere bide horretatik zoazela garbi dago.
Hala da. Ez dakigu orain igarotzen ari garen egoera honek zenbateko eta nolako eragina izango duen gutako bakoitzarengan lehiara itzultzen garenean, eta hori ezin dugu orain neurtu. Aukera baldin badaukagu uretaratzeko, baldintzak ez dira orain artekoak bezalakoak izango, eta horrek bakoitzari nola eragingo dion oso gertutik zaindu beharko dugu; egunero egon beharko dugu arraunlarien gainean egoera horiek neurtzeko, eta, hala ere, batek daki zer gertatuko den. Garbi dago oraingo lan psikologikoak eragin egingo diola geroko egoerari eta lan egiteko modu berriari. Hori ez badugu neurtzen ondo, zaila izango da orain egiten ari garen lan eta ahalegin guztiari etekina ateratzea.

Elkarrizketa irakurtzen jarraitzeko, egin klik hemen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!