Paseatzera edo kirola egitera ateratzeko herritarrek jarraitu beharreko ordutegiak azaldu ditu Orioko Udalak

Karkara 2020ko mai. 1a, 09:26

Oriok sei mila biztanletik gora dituenez, Espainiako Gobernuak zehaztutako ordutegiak jarraitu beharko dituzte herritarrek, arrisku-taldeak hobeto babesteko.

Orioko Udalak oharra argitaratu du, herritarrek kalera ateratzeko jarraitu beharreko ordutegiak eta baldintzak azalduz. Izan ere, Espainiako Gobernuak adierazitakoaren arabera, 5.000 biztanletik gorako herri guztietan aplikatuko dira kalera ateratzeko ordutegiak, eta Oriok sei mila biztanletik gora dituenez, hemen ere adinaren arabera araututako ordutegiak jarraitu beharko dira, arrisku-taldeak hobeto babesteko.

14 urtetik beherakoak, 12:00etatik 19:00etara.
Orain arte bezala, 14 urtetik beherako haurrek kalera atera ahal izango dute, heldu batekin batera paseatzera, etxebizitzatik kilometro bateko eremuan; gehienez, ordubetez. Irteera horiek ordutegi honen barruan egingo dira: 12:00etatik 19:00etara.

Helduak, 06:00etatik 10:00etara edo 20:00etatik 23:00etara
Goizean goiz edo iluntzean atera daitezke helduak, kirol egitera edo paseatzera: 06:00etatik 10:00etara edo 20:00etatik 23:00etara. Paseoak etxetik kilometro bateko eremuan egin beharko dituzte, bakarka edo bizikide batekin. Kirola, berriz, udalerriaren barruan, denbora mugarik gabe eta bakarka.

Adinekoak eta mendekotasunen bat dutenak, 10:00etatik 12:00etara edo 19:00etatik 20:00etara
Goizean edo arratsaldean atera daitezke, paseatzera: 10:00etatik 12:00etara edo 19:00etatik 20:00etara. Paseoak etxetik kilometro bateko eremuan egin beharko dituzte, bakarka, bizikide batekin edo zaintzaile batekin.

Bestelako jakingarriak
Egunean irteera bakarra egingo dute herritarrek, paseatzeko edo kirol egiteko. Bestalde, baratzeko lanak egitera ere atera ahal izango dute, bakarka.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!