Konfinamenduan ere heriotzaren gaia lantzen ari da Mandalara elkartea

Karkara 2020ko mai. 2a, 09:00

Konfinamenduak sortutako hasierako "ziurgabetasun" egoeran, "herritarrak lasaitzeko ahalegina" egiten aritu da Mandalara elkartea.

Etxean gelditzeko aginduak herritarren bizimodua errotik aldatzeaz harago, heriotzaren inguruko erritualetan ere eragin du, gizarteko hainbat ohitura hankaz gora jarri baititu. Egoera normalean, pertsona bat hiltzen ari denean, familia bere ondoan izateko aukera izan ohi du: eta heriotza gertatzen denean, beilatokian edo etxean izaten da gorpua eta ingurukoak hurbiltzen dira familiari doluminak ematera. Orain, ordea, zaildu egin da heriotza kudeatzeko prozesua; ez dago beilatokirik edo etxeko bisitarik, eta doluminak segurtasun distantziak mantenduz eman behar dira; balkoitik, telefonoz edo whatsapp bidez ematea beste aukerarik ez dago. Horregatik, ez da egoera erraza gertuko pertsonaren bat galdu duenarentzat.

Hala, konfinamenduak sortutako hasierako "ziurgabetasun" egoerak herritarren artean eragin zituen kezkak eta zalantzak argitzeko asmoz lanean aritu da Orioko Mandalara taldea, "heriotzarekin eta doluarekin erlazionatutako gaiak lantzen duen eskarmentua" aprobetxatuz. "Hasieratik, herritarrak lasaitzea eta horiei laguntzea izan dira gure helburu nagusiak, oso beldurtuta egon baita jendea. Erakundeen zehaztutako protokoloetan hutsune nabarmenak zeudela atzeman genuen, eta elkarteok sareak sortu eta gure artean antolatu ginen heriotzarekin eta doluarekin lotutako gai desberdinak jorratzeko. Horretarako, gugana jo zuten herritarrak

espezializatutako elkarteetara bideratu genituen, erakundeek behar horiei erantzuna emateko ekimenak eta protokoloak martxan jarri zituzten arte", azaldu du Gozategik. 

Konfinamendua hasi zenean, lehen asteetan, dei zaparra da jaso zutela aitortu du Mandalarako kideak. "Jende askok deitu digu, heriotza oso hurbil sentitu dutelako. Bestetik, konfinamenduaren hasieran ezarri ziren hainbat protokolo legezkoak ziren galdetzeko ere hots egin ziguten. Ez da ahaztu behar jende asko bakarrik hil dela, eta pertsona horiek eta beren familiek une latzak bizi izan dituztela azken asteetan, maite duten pertsonaren ondoan egoteko edo elkar agurtzeko aukerarik izan ez dutelako. Horrek kezka eta ezinegona sortu du egoera hori bizi izan dutenen artean, eta askok Mandalara elkartera jo dute aholku eske", adierazi du Gozategik. Ildo horretan, itxialdiaren hasieran, koronabirusari aurre egiteko hartu ziren zenbait neurri "zaintza aringarrien legearen eta bioetikaren aurkakoak" zirela ere argitu du oriotarrak; "zorionez, gai horietan espezializatutako plataformen eta mediku askoren presioagatik, hasierako protokolo horiek aldatu egin zituen Espainiako Gobernuak, eta oso gaixo edo hiltzear dauden pertsonek familiako kide baten laguntza izateko aukera dute orain".

Agurra
Maite den pertsonarengandik agurtzeko aukerarik ez izateak, familiaren dolu prozesuan eragin zuzena izan dezakeela uste du Mandalarako kideak, eta hil den pertsona agurtu ez izanarekin sortutako ezinegonak ere landu dituzte egunotan. "Heriotzaren inguruan hitz egiteko topaketak antolatzen ari gara 'online', eta erantzun paregabea izan dute herritarren artean. Gainera, interneteko plataforma hauek munduko txoko desberdinetako herritarrek beren esperientziak partekatzeko aukera eskaintzen dute, eta oso aberasgarriak izaten ari dira, argi ikusten delako kultura bakoitzak heriotza kudeatzeko eta ulertzeko modu desberdina duela".

Beti esaten da heriotzaren inguruko gaiak tabua direla, baina Gozategik uste du gaiaz hitz egiteko espazioak irekitzen direnean, herritarrek bertan parte hartzeko gogoa izaten dutela. "Mandalarak esaterako, iaz 12 jardunaldi antolatu zituen heriotzaren gaia hainbat ikuspuntutatik lantzeko, eta bataz beste 150 lagunek parte hartu zuten jardunaldi bakoitzean. Beraz, heriotzaz hitz egiteko beharra badu gizarteak". 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!