Goiz atera da herritar asko kirola egitera nahiz paseatzera

Karkara 2020ko mai. 2a, 11:17

Gaur, maiatzak 2, sartu da indarrean itxialdia arintzeko neurri garrantzitsua: ordutegi batzuk eta zenbait baldintza errespetatuta, herritarrek kirola egin ahalko dute herrian, baita paseatu ere. Goizean 06:00etatik 10:00etara izan dute horretarako aukera, eta askok aprobetxatu du.

Erriyo ondoko pasealekuan jende dezente zebilen gaur 08:00etan korrika, paseoan nahiz bizikletan. Erriyoaren bestaldean ere jendea ikusten zen. Eta bati baino gehiagori zalantzak sartu zaizkio. Txurruka partea ez al da Aia? Herritik ezin bada atera, hara joatea badago? Kaleak ikuskatzen ari zen udaltzain bati galdetu, eta hark baietz erantzun du, Txurruka partean ibiltzea badagoela, eta Orio dela.

Galdera gehiago ere egin dizkiote. Esaterako, ea Kukuarri mendira joan daitekeen. Erantzuna ez da hain argia kasu horretan: Kukuarrira joatea paseoa da, ala kirola egitea? Bigarrena kontsideratzen bada, bai, joatea badago. Kukuarrin izan den bateren batek ikusi ditu, hori bai, donostiarrak ere han. Horiek berez ezin zuten Donostiatik irten.

Herritarrak saiatu dira distantziak mantentzen, erriyo ondoko bidean behintzat. 07:30erako jendea omen zebilen han. Beste kontu bat da ordutegiak errespetatzearena. Orain arte, umeak gurasoetako batekin egunean ordutebez atera zitezkeen kalera, nahi zutenean, 21:00ak bitartean. Gaurtik aurrera, ordea, 5.000 biztanletik gorako herrietan, ordutegiak zehaztu dira. Haurrek ezin dute 12:00ak baino lehen irten, baina bateren bat ikusi da, oraindik despistatuta.

Ikusi ordutegi guztiak hemen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!