Arauak zorrotz errespetatzeko deia egin du Orioko Udalak

Karkara 2020ko mai. 4a, 15:12

Udalak jakinarazi du, asteburuan portaera desegoki batzuk izan direla: "Itxaspeko bideko sarrera debekatzen duen hesia lurrera bota dute, haurrak eta familiak talde handitan eta elkarrekin nahasian ibili dira eta herritar ugari ibili da kirola egiten taldean, bakarka ibili beharrean".

Orioko Udaletik jakinarazi dutenez, oriotarrek, orokorrean, "egoki bete" dituzte orain arte alarma-egoera honetan ezarritako arauak. Dena dela, joan den asteburu honetan, jendea paseatzera eta kirol egitera ateratzeko baimena dela-eta, portaera desegoki batzuk izan dira: "Itxaspeko bideko sarrera debekatzen duen hesia lurrera bota dute, haurrak eta familiak talde handitan eta elkarrekin nahasian ibili dira eta herritar ugari ibili da kirola egiten taldean, bakarka ibili beharrean".

Hori dela-eta, Orioko Udalak gogorarazi du oraindik ez dela gainditu alerta sanitarioa eta, beraz, ezarritako arauak zorrotz bete behar direla, egindako aurrerapausoetan atzera egin nahi ez badugu.

Udalak bereziki gogorarazi nahi du:

  • Kirola bakarka egin behar da eta ez taldean.
  • Mendian, korrika, bizikletan edo paseoan ibiltzerakoan ere, bakarrik joan behar da edo, izatekotan, bizikide batekin.
  • Haurrek kalera ateratzeko duten ordutegiaren barruan guraso bakar batekin joan behar dute.
  • Itxaspeko bidea itxita dago, bertan egiten ari diren obrak bukatu gabe daudelako. Bidea itxita dago bi aldeetatik: bai Andu aldetik eta bai hondartza aldetik. Segurtasuna bermatzeko itxi du Udalak; ez da kapritxo bat. Udalak abisatuko du berriro bidea irekitzen denean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!