Europarako sailkatu da Bidasoa eskubaloi taldea

Karkara 2020ko mai. 5a, 20:16

Espainiako Eskubaloi Federazioak bukatutzat eman ditu 2019-2020 denboraldiko ligak, emakumezkoetan zein gizonezkoetan. Erabaki hori dela eta, Jon Azkue partaide den Bidasoa Irun taldea Europara itzuliko da datorren denboraldian.

Koronabirusa ez hedatzeko neurrien artean, kirol jarduerak etetea erabaki zen martxoaren erdi aldera. Horrek eragina izan du, noski, kirol profesionalean. Kirol batzuetan, futbolean kasu, ez dute oraindik erabaki nola edo noiz amaituko dituzten txapelketak. Eskubaloiari dagokionez, ordea, Espainiako Federazioko batzordeak atzo hartu zuen erabakia, eta erabaki pozgarria izan da Bidasoa Irun taldearentzat.

Gizonezkoen Asobal ligari dagokionez, lehen itzuliaren amaierako sailkapena hartu du aintzat Federazioak liga amaierako sailkapena erabakitzeko. Bigarren itzuliko lau jardunaldi besterik ez ziren jokatu liga eten zen orduan. Une horretan Jon Azkueren taldea, Irungo Bidasoa, ligako laugarrena zen. Federazioak, baina, lehen itzuliaren amaierako sailkapena hartu du ontzat, eta une hartan hirugarren ziren irundarrak. Ondorioz, 2020-2021 denboraldian Europan jokatzeko txartela lortu dute.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!