Lanera buelta, babes neurri zorrotzekin

Karkara 2020ko mai. 6a, 17:23

Oso mugatuta bada ere, astelehenetik martxan dira hainbat denda txiki eta zerbitzu. Neurri zorrotzak jarraitu behar dituzte, eta zalantzaz betetako astea ari da izaten. 

Arinaldiaren 0. fasea hasi zen astelehenean. Igandean zehaztu zituzten denda txikiek ireki ahal izateko bete beharreko neurriak, eta, horiek beteta, lanean hasi dira hainbat dendari. Hitzordu bidez hasi dira martxan gehienak eta, orokorrean, arraro samarra ari da izaten astea. Aholkulariak dituzten arren, “zer egin jakin gabe” daude asko.

Irekitzekotan, arauak zorrotz-zorrotz jarraitu behar dituztela garbi dute. Lokala etengabe desinfektatu eta bezeroek eskuak ondo garbituta izatea ziurtatu beharra dute. Edukiera ere asko mugatu behar izan dute guztiek. Denda gehienetan, bezero bakarra egon daiteke aldi berean barruan. Hala gertatzen da, esaterako, Orioko Mara arropa dendan. Dena den, honezkero jendea ohitu da distantziak mantentzen eta toki itxietara txandaka sartzen.

Saltoki txikiez gain, aste honetan jarri dituzte martxan ile apaindegiak eta fisioterapia zentroak, horiek ere neurri zorrotzekin. Kasu horietan ohikoa da hitzordu bidez eskaintzea zerbitzua, baina ezinezkoa da segurtasun tartea mantentzea. Horregatik, Fisioterapeuten Elkargoak gomendatutako jarraibideak kontuan hartuz dihardu Miren Gozategi oriotarrak. Bezeroek etxetik eraman beharko dute maskara, eta zerbitzua eskaintzen den gunera sartzean nahiz handik ateratzean eskuak garbitu beharko dituzte. Saioa amaitzean, hurrengo bezeroa sartu aurretik, profesionalak erabilitako gainazal guztia garbituko du desinfektatzaileak erabilita.

Orain arte, sareetan

Dendetako ateak itxita egon dira ia bi hilabetez. Diru sarrerarik ezak eta fakturak ordaintzen jarraitu beharrak antsietatea eta beldurra piztu ditu zenbaitengan, baina asko izan dira egoerari nolabait aurre egin nahian sareko salmentan jardun direnak, Orioko Muxutruk lore-denda kasu. Online eta telefono bidez aritu dira lanean, eta produktuak denda kanpoan ere entregatu dizkiete bezeroei. Ez dute arazorik eduki era horretara lan egiteko, baina noski, fisikoki irekita ez edukitzearekin, asko nabaritu dute diru sarrerak jaitsi zaizkiela. “Bi arazo egon dira: bat, fisikoki irekita ez egotean jendeak uste du dena itxita dagoela eta ez da etorri; bestea, eskaerak telefonoz egiteko aukera jarri dugunean, horrek lan ikaragarria sortu digu”. Zergatik? “Bada, argazkiak bidali behar dituzulako, azaldu zer den eta zer ezaugarri dituen, gero etxeetara eraman…”. Amaren Eguna izan zen igandean, eta egun hura “eromena” izan zela azaldu du Igor Amantegi dendariak.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!