PAPEREKOA

"Marokoko etxeetan ohitura da 'harira' zopa jatea Ramadan hilabetean"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko mai. 7a, 11:37

Apirilaren 24tik Ramadanean murgilduta daude Aiako eta Orioko musulmanak. Hilabete berezia hobeto ezagutzeko, Latifa Elbourakkidirekin hitz egin du KARKARAk

Apirilaren 24an hasi da Ramadana. Hilabete berezia da musulmanentzat; asko aldatuko da zuen egunerokoa egunotan, ezta?
Hilabete sakratua da musulmanontzat, hausnarketarako hilabetea delako. Jende gehienari atentzioa ematen diona da eguzkia ateratzen denetik sartzen den arte ez dugula jaten, ezta edaten ere. Hala ere, hortik harago, espiritualtasuna lantzen dugu, jainkoarengandik gertuago egoteko hilabetea delako. Gainera, baraualdiarekin, gosea pasatzen duten herritarren azalean jartzen gara. Aurten goizeko 05:00ak aldean gosaltzen ari gara; janari osasungarria jaten dugu, egun guztia pasatzeko indarra ematen diguten elikagaiak. Hurrengo otordua, berriz, 21:00ak inguruan egiten dugu.

Zaila dirudi baraualdia lanarekin uztartzea.
Herrialde musulmanetan, Ramadan garaian, lan ordutegia aldatu egiten da, baina hemen urte guztiko errutina jarraitzen dugu. Lehen egunetan nekeza egiten da baraualdia eta lana uztartzea, baina segituan ohitzen da gorputza egoera berrira. Musulman askok txandakako lanaldia dute, eta egun batzuetan etxetik kanpo eten egin behar izaten dute baraualdia. Kasu horietan, janaria eramaten dute lanera, iluntzea iristen denean jan ahal izateko. Dena dela, jatorriko herrialdean egiten denarekin alderatuta, nik uste dut diferentzia handiena dela Ramadana bizitzeko modua. Herrialde musulmanetan hilabete oso berezia denez, jai kutsua izaten du. Familiak elkarrekin ospatzen du baraualdia eteteko unea, eta oso berezia izan ohi da.

Gauean zer jaten duzue?
Marokoko etxeetan ohitura izaten da harira izeneko zopa jatea egunotan. Orokorrean zopak oso onak dira baraualdia eteteko, gorputza indartzen eta berotzen dituztelako, baina harira astean hiru-lau aldiz jaten da.

Zer berezitasun du?
Bi modutan presta daiteke. Batzuk barazkiekin egiten dute, eta beste batzuek haragia gehitzen diote. Dena dela, beti daramatza apioa, garbantzuak edo dilistak, arroza edo fideoak eta zilantroa.

Zoparen ondoren beste zerbait jaten al duzue?
Guk ez ditugu lehenengo eta bigarren platera eta postrea bereizten. Horregatik, Ramadan hilabetean, mahaia janariz betetzen dugu; harira, arraina, tajina, gozoak eta pastelak, denak batera jartzen ditugu mahaian. Eta mahaikide bakoitza pixkanaka nahi duena jaten joaten da, bakoitza bere martxan.Gozoak ere aipatu dituzu. Ohikoak al dira Ramadan garaian?Bai, gozoak oso garrantzitsuak dira, indar asko ematen dutelako. Baraualdia eteteko, esaterako, ohitura da datilak eta pikuak jatea. Horrez gain, shebbakiyya gozoak ere ezinbestekoak dira, frijitutako hostopiltxoak dira eta eztitan bustita aurkezten ditugu.

Sukalderako zaletasun handia duzu, eta Youtuben sukaldaritza kanala ere baduzu. Nondik datorkizu zaletasun hori?
Asko gustatzen zait sukaldean aritzea. Etxetik datorkit zaletasuna, nire ama sukaldari bikaina delako. Hark erakutsi zidan dakidan guztia. Duela lau-bost hilabete, Youtuben sukaldaritza kanala sortzea bururatu zitzaidan, nire ezagutza gainontzekoekin partekatzeko. Izan ere, gaur egun, gero eta gehiago jotzen da prestatutako janaria erostera, eta ni etxean egiten den betiko janariaren aldekoa naiz, osasungarriena hori dela uste dudalako. Horregatik, ideia polita iruditu zitzaidan jendeari errezeta errazak erakustea. Nahi duenak @latifaelbourakkadi Instagram kontuan ikus ditzake nire errezetak.

Harira zoparen errezeta

Osagaiak
• Tomate naturala, lau paketetxo • Tipula txiki bat, xehetuta • Zilantro birrindua, koilarakada bat • Perrexil birrindua, koilarakada bat • Apio xehetua, koilarakada bat • 100gramo garbantzu • Bi koilarakada oliba olio • Kanela hautsa, koilaratxo erdia • Kurkuma, koilaratxo erdia • Jengibrea, koilaratxo erdia • Gatza, koilaratxo bat • Gari irina edo arto irina, bi koilarakada • Fideoak • Tomate frijitua, bi koilarakada

Prestaketa

1. Presiozko ontzian litro bat ur eta osagai gehienak gehitu behar dira, irina eta fideoak izan ezik. 25 minutuz eduki behar da eltzea sutan.

2. Lapikokoa egosten ari den bitartean, edalontzi batean ura eta irina nahastu behar dira. Eta ondoren, tomatea gehituko zaio nahasketari.

3. Eltzea prest dagoenean, edalontziko nahasketa gehitu behar da. Ondo nahastu eta fideoak bota behar zaizkio. Fideoak egosten diren bitartean, bost minutuz, zopari eragin behar zaio, zopa loditua lapikora itsats ez dadin.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!