Tabernako atea ireki edo ez, zalantza ugari

IƱigo Gaiton 2020ko mai. 10a, 11:00

Ia bi hilabetez itxita egon eta gero, tabernek ateak irekitzeko aukera izango dute bihartik aurrera. Dena den, baimen hori ez dute era berean hartu negozioen jabe guztiek; establezimendua itxita mantendu edo irekitzearen aldeko hautua egin, zalantza ugari dituzte sektoreko langileek. Mola Mola eta Salatxo tabernetako arduradunekin bildu da KARKARA.

Ostalari askorentzat iritsi da aste luzez itxarondako eguna: ia bi hilabetez negozioak itxita izan ostean, tabernak berriro martxan jartzeko aukera izango dute bihartik aurrera. Hasiera batean notizia ona behar lukeenak, ordea, zalantzak eragin ditu sektoreko langileengan. Askoren iritziz, Gobernutik ezarritako baldintzak errespetatuz gero, oso zaila da negozioak errentagarri egitea.

Mola Mola eta Salatxo tabernetako arduradunekin bildu da KARKARA, biharko egunari begira hartu duten erabakiaz hitz egiteko. Hondartzako txiringitoa irekitzaren aldeko apustua egin dute negozioa kudeatzen duten Iker Irazustak eta bere anai-arrebek; Ana Egibarrek, berriz, ez du errio bazterreko taberna irekiko, zabalduz gero defizitarioa litzatekeela argudiatuz.

Terraza erdia, motz
Salatxo tabernako Ana Egibarrentzat “gogorra” ari da izaten itxialdia, negozioari dagokionez. “Bestela ere, azken urteetan nahikoa jaitsi da tabernetako mugimendua, eta osasun krisiak gauzak are gehiago zaildu dizkigu”, nabarmendu du.

Salatxo itxita ikustea gogorra egiten zaio Egibarri, horrek suposatzen duenarekin: “Guk tabernatik ateratzen dugu bizimodua, eta diru-sarrerarik ez denean… Egia esan, laguntzak ere ez dira handiak, eta egoera zaila ari gara bizitzen”, penatu da.

Bihar, astelehenarekin, taberna irekitzeko aukera izango luke, baina itxirik mantentzea erabaki du. “Jarri dituzten baldintzekin, egin ditugun kalkuluen arabera, ez litzateke errentagarria ateak zabaltzea, galerak izango genituzkeelako. Bezeroak terrazetan bakarrik egon daitezke, %50eko edukierarekin. Guretzat oso zifra baxua da”, iritzi dio Egibarrek. Salatxo tabernan 4 langile aritzen dira lanean. Horietatik bi autonomoak dira, eta besteek kontratuak dituzte; ERTE egoeran daude azken horiek. “Bihar taberna ireki eta guztiok lanean hasiko bagina, ERTEn dauden langileentzako diru-laguntzak eten egingo lizkigukete, eta uste dut asko arriskatzea dela hori, taberna irekitzeko jarri dizkiguten baldintzak kontutan hartuta”.

Aurrera begira, zalantzak ditu Egibarrek: “Ez dakigu zer planteamendu egingo dituzten. Nire ustez, terrazako zifra hori igo egin behar dute, eta apurka, barran ere lana egiten utzi, segurtasun neurriak hartuz. Badakigu ezin dela taberna 100% martxan jarri, baina baimendu dutena baino gehiago baietz iruditzen zait”, azaldu du.

Osasun krisian ostalariek bizi duten egoera zaila dela eta, Egibar gustura dago Orioko Udaletik jaso duten babesarekin. Herriko agintariak ahal duten guztia egiten ari direla iritzi dio, sektoreari laguntzeko helburuarekin: “Martxoko eta apirileko terrazako kuotak 100% kentzen saiatu dira, baina ez diete utzi goitik; azkenean, guk %85 gutxiago ordaintzea lortu dute. IBI delakoa ere saiatu dira kentzen, baina ez da haien eskumena, eta ezin izan dute ezer egin. Konforme nago udalaren babesarekin. Azken asteetan hurbil sentitu ditugu, laguntzeko prest”, dio Egibarrek.

Aurrera begira, baikorra da: “Aterako gara aurrera. Tabernako lan-talde berarekin jarraitu nahi dut, eta lortuko dugula iruditzen zait. Ea, pixkanaka bada ere, agintariek lanerako askatasun gehixeago ematen diguten, baina horrek norbanako bakoitzaren errespetuan du oinarria. Denok jarri beharko dugu gure aletxoa. Kostako da, baina itzuliko gara lehengo egoerara, denborarekin”, agurtu da itxaropentsu.

Hondartza inguruak lagunduta, aurrera

Hondartzako Mola Mola txiringitoak ateak zabalduko ditu bihartik aurrera. Zorteko dira tabernaren ardura duten Irazusta anai-arreba argentinarrak. “Ezohiko egoera honetan, gure alde jokatzen du Mola Molaren kokapenak. Establezimendua ireki ahal izateko jarri dituzten baldintzak kontutan hartuz, terrazara 35 mahai ateratzeko aukera izango dugu, elkarrengandik bi metroko tartearekin. Osasun neurri gehiago ere hartuko ditugu, higienea zaintzeko etab.”, azaldu du Ikerrek.

Txiringitoa udaberria sartu berritan irekitzea aurreikusten zuten arren, beranduago hasi ziren lanean pandemiaren ondorioz. Haien kasuan, krisiak ekarri dituen gauza txarren artean onik ere bada: “Duela aste batzuk etxez-etxeko janari banaketarekin hasi ginen, eta egia esan, harritu egin gara zerbitzuak jaso duen erantzunarekin”, poztu da ostalaria. Azken asteetan, modu batera edo bestera, egoerara moldatzen saiatzen ari dira: “Aurrera egitea besterik ez zaigu geratzen. Hein batean, negozioa familiako kideon artean kudeatzen dugu, eta ez da beste aukerarik, gogotsu gaude lanean jarraitzeko”, bota du irrikaz.

Ziurgabetasuna da, Ikerren ustez, ezohiko egoerak ekarri duen gauzarik txarrenetakoa: “Inork ez daki zer pasako den… Noiz bukatuko da hau guztia? Zer ondorio sozioekonomiko erkarriko ditu? Nola eragingo du jendearen ohituretan? Galdera asko daude airean, eta erantzun gutxi”, dio zalantzati.

Lantaldeari dagokionez, aurreikusitako langileekin ari dira funtzionatzen: “Garai honetan udan baino gutxiago izan ohi gara, eta oraingoz, denok ari gara lanean. Baldintzak moldatu behar izan ditugu, inor ez kaleratzeko, baina eutsiko diogu. Hau guztia gertatu aurretik, taberna irekitzean gurekin izango zirela hitz eman genien langile batzuei, eta horiek gurekin daude; konpromisoa dugu langileekin, eta hitzekoak izaten saiatzen gara”, adierazi du Irazustak. Langileez mintzo den bitartean, Ainhoa arrebarekin gogoratu da: “Argentinan dago harrapatuta. Ezkontza batera joan zen pandemia hasi aurretik, eta ezin izan du itzuli. Arazo burokratikoen ondorioz, zaila izango da berarentzat epe labur-ertainean hemen izatea. Hala ere, tabernako gauzetan ahal duen guztia ari da laguntzen handik”, eman du jakitera.

Aurtengo udak ez du itxura oso onik Ikerrentzat. “Aurreikuspenak nahikoa makurrak dira, baina egia esan, etxez-etxeko banaketak izan duen harrerak esperantza mantentzen laguntzen digu”, azaldu du. Hala ere, baikorra da argentinarra: “Honek guztiak hobera egingo duela sinisten dut”.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!