"Konfinamendua ikasten eta sortzen jarraitzeko aukera gisa hartzen ari naiz"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko mai. 13a, 11:38

Sortzailea da Zorione Mendez Martin eta arte diziplina desberdinak jorratzea eta esperimentatzea du gogoko. Konfinamendua ere horretarako erabili du oriotarrak, orain arteko lanaz hausnartzeko eta ildo berriak zabaltzeko.

Konfinamenduak erabat aldatu du herritarren egunerokoa, eta eragina izan du sortzaileen martxan ere. Marrak ezizenez ezaguna den Zorione Mendez oriotarrarekin hitz egin du KARKARAK, etxean itxita egon den egunek bere sortze prozesuan eraginik izan ote duten ezagutzeko. "Konfinamendua ikasten eta sortzen jarraitzeko aukera bezala hartzen ari naiz. Gauza desberdinekin esperimentatzeko aukera izan dut, eta oinarri eta erreminta anitzekin probak egiteko aprobetxatu dut. Horrez gain, hausnartzeko tartea ere hartu dut, eta nire lanekin ikusleari zerbait pentsarazi nahi diodala ohartu naiz. Norberaren baloreez, egoeraz... erreparatuz, pentsamendu kritiko konstruktiboak sorrarazi nahi nituzke, lan bat ederra edo itsusia den aintzat hartu gabe. Nire lanak estetika hutsa baino gehiago izatea nahi dut", azaldu du oriotarrak. Hala, ezohiko epealdiak, lehena, orain eta etorkizuna uztartzeko balio izan dio Marrak-i. Alde batetik, bere lanaz hausnartzeko tartea hartu du ilustratzaileak, eta denboran atzera ere egin du 2019ko uztaren inguruko bildumatxo bat gauzatuz. "Aurrera ere joan naiz, ideia berriei forma eman nahian".

Beraz, konfinamenduak sortzen jarraitzeko aukera eman dio Mendezi. Bere egunerokotasuna gehiegi aldatu ez bada ere, denbora gehiago eskaintzen dio sortze prozesuari. "Ideia desberdin asko etortzen zaizkit burura. Hasi ere lan dezente hasi ditut, eta oraindik bukatzeko ere dezente falta zaizkit. Bidean disfrutatzen ari naiz eta horrekin geratzen naiz. Dekorazio, zaharberritzeak, argazki muntaiak, edo sukaldean, koloreak eta testurak... jolasten eta esperimentatzen ari naiz. Denetarik egiten ari naiz".

Hamaika proiektu esku artean
COVID-19ak kultur arloan eragingo duen normaltasun berriaz galdetuta, beherakada nabaria izango dela uste du. "Bolada batez iruditzen zait ez dela samurra izango egoera sortzaileontzat, nik hainbat proiektu nituen esku artean eta impasse egoera batean gelditu dira horietako batzuk. Haur batzuei Arte Saioak deituriko arte eskolak ematen nizkien. Diziplina desberdinak landuz eta haur bakoitzaren interesetatik abiatuta, artea, musika, dantza eta beste hainbat arte diziplina lantzen genituen. Ez dakigu noiz itzuliko garen berriz ere saio horietara".

Bestalde, Lasarteko Jalgi tabernan ere erakusketa jarria zuen Mendezek konfinamenduaren aurretik, "lanak ederki ari dira hautsa hartzen. Usurbilen ere lotua dut beste erakusketa bat, Artzabalen izango da, nire lehen erakusketa jarri nuen lekuan, eta hori ere egunen batean egin ahal izatea espero dut". Gainera, abuztuan erakusketa desberdin bat egiteko asmoa du Alkizako Ur Mara museoan, Koldobika Jauregi artistaren museoan. "Leku ederra da. Aire zabalean dute aretoa eta basoak inguratzen du. Zoragarria benetan!".

Horrez gain, elkarlanean dabil Marrak Biziki arropa markarekin. "Bigarren eskuko arropari bizitza berria eman nahi diogu, pertsonalizatuz eta nire diseinuekin uztartuz. Orion ere nire 'marrek' lekua dute Maite Oregi barne diseinuko dendan, pixkanaka gauzatxo batzuk jarriko ditut bertan. Ezin naiz kexatu. Banabil proiektu desberdinak garatzen eta gustura ari naiz gainera. Aurrerantzean ere horrela jarraitzea espero dut".

Zorione Mendezen lana sakonago ezagutu nahi dutenek, horretarako aukera dute @Marrak Instagram kontuan, edo bitxoriburu@gmail.com helbidera idatzita.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!