Gipuzkoako 56 alkatek Foru Funtsaren murrizketa adostea eskatu diote Aldundiari, tartean Oriokoak

Karkara 2020ko mai. 15a, 15:07

Diputatuen Kontseiluak maiatzaren 12an onartu zuen Udalen Finantzaketa Foru Funtsa %20 murriztea, eta erabaki hori atzera botatzeko eskatu diote Gipuzkoako 56 alkatek; tartean, Anuska Esnal Orioko alkateak. Erabakia "aldebakarrez" hartu izana salatu dute eta "irtenbidea adostea" eskatu diote foru diputatuari.

Diputatuen Kontseiluak maiatzaren 12an onartu zuen Udalen Finantzaketa Foru Funtsa (UFFF) %20 murriztea, eta erabaki hori atzera botatzeko eskatu diote Gipuzkoako 56 alkatek Jabier Larrañaga Ogasun diputatuari gutun bidez. Hain zuzen ere, alkate horiek erabakia “aldebakarrez” hartu izana salatu dute eta “irtenbidea adostea” eskatu diote foru diputatuari. Gutuna sinatu duten alkateen artean dira Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkatea, Xebero Agirretxe Errezilgo alkatea, Haritz Alberdi Getariako alkatea, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, Anuska Esnal Orioko alkatea, Mikel Arregi Zestoako alkatea eta Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea –EH Bildukoak dira guztiak–. Izan ere, eskualdeko udalek, orotara, aurreikusitakoa baino 11 milioi euro gutxiago jasoko dituzte funts horretatik.

Gutuna sinatu duten alkateek lau proposamen egin dituzte: Foru Funtsa bueltatzeko onartutako erabakia atzera botatzea; 2020ko udalen aurrekontu aurreikuspenak bere horretan mantentzea; zerga bilketaren jaitsieraren ondorioz Foru Funtsak izandako beherakada itzultzeko hiru urteko epealdia ezartzea datorren urtean hasita eta interesik gabe; eta aldundiak hogei milioiko dirulaguntza bideratzea udalerara COVID-19ak sortutako gainkostuak arintzeko.

COVID-19aren eraginez, zergetatik diru gutxiago bilduko du Gipuzkoako Foru Aldundiak; %20-25 gutxiago biltzea aurreikusten du erakundeak. Horren ondorioz %20 gutxiago bideratuko du udalen finantzaketara. Aldundiko Diputatuen Kontseiluak funtsa murrizteko foru dekretua onartu zuen joan zen asteartean, baina Gipuzkoako Finantza Kontseilua gaur, ostirala, bilduko da Donostian, eta bilkuran hizketagai izango dute proposamena.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!