Erraustegiaren aurkako giza katea egingo dute gaur iluntzean Orion, konfinamenduko arauak errespetatuz

Karkara 2020ko mai. 17a, 10:23
Giza katea Orioko zubian. Artxiboko irudia.

20:45ean, moila eta zubi inguruan, elkartuko dira kirola egitera ateratzen diren herritarrak atseden hartuz, protesta egiteko. Sirena hotsak markatuko du giza katearen hasiera eta bukaera, eta bost minutukoa izango da.

Gaur iluntzean, moila inguruan giza katea osatzeko deia zabaldu du herritar talde batek, Erraustegiak ere hil egiten du lelopean. Antolatzaileek azaldu dute, erraustegia oraindik ireki ez badute ere, maiatzaren 9an erraustegitik Oria ibaira doan errekako harkaitzetan "ehundaka arrain hilda" agertu zirela. "Asko dira erraustegi batek ingurumenean eta pertsonen osasunean eragiten dituen kalte larriak frogatzen dituzten ikerketak", azaldu dute. Horregatik, herritarren osasunaren alde mobilizatzera deitu dituzte oriotarrak.

Alde batetik, gaur iluntzean elastiko zuria jantzita kirola egitera ateratzeko eskatu diete herritarrei. "20:45ean elkartuko gara moila eta zubi inguruan atseden hartuz, protesta egiteko. Sirena hotsak markatuko du giza katearen hasiera eta bukaera, bost minutukoa izango da. Bigarren sirena hotsaren ondoren, bakoitzak bere bidetik jarraitu beharko du", azaldu dute antolatzaileek. Bestalde, konfinamenduko arauak betetzea "ezinbestekoa" izango dela nabarmendu dute, parte hartzaileen arteko bi metroko tartea errespetatzea alegia.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!