"Auzoan antolatzen ditugun ekimenek konfinamenduko errutinatik ateratzeko balio digute"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko mai. 17a, 12:35

Arrantzale kalean hainbat festa antolatzen dituzte asteburuetan, auzotarren itxialdia arintze aldera. Atzo esaterako Balearen Eguna ospatu zuten. Giro ederra sortzen da auzoan, eta ekimena hobeto ezagutzeko Aroa Sanchez antolatzailearekin hitz egin du KARKARAk.

Asteak daramazue asteburuetan balkoietatik festa txikiak antolatzen. Atzo bertan Balearen Eguna ospatu zenuten. Nola sortu zitzaizuen Arrantzale kalean balkoietako jaialdiak antolatzeko ideia?
Telebistan ikusi genuen zenbait auzotan itxialdia arintzeko ekimenak antolatzen ari zirela. Guk horretarako beharrezkoa zen materiala etxean bagenuen, eta anaiari eta niri auzoan musika jartzea bururatu zitzaigun. Hasieran nahiko kezkatuta geunden, ez genekielako bizilagunek nola erantzungo zuten. Horregatik, lehen aldian musika lasaia jarri genuen, zalaparta handirik atera gabe. Ezusteko atsegina hartu genuen, musika entzun zutenean, balkoira atera ziren auzotarrak eta giro polita sortu zelako. Horregatik, pentsatu genuen astebururo zerbait antolatzea. Lehen bi asteburuetan diskoteka modukoa egin genuen, baina jakin bagenekien beti berdina antolatuta jendea aspertu egingo zela. Horregatik, astebururo ekimen desberdin bat antolatzea erabaki genuen.

Nola moldatzen zarete jaialdi tematikoak antolatzeko?
Hasieran, bizilagunok balkoitik balkoira oihuka aritzen ginen, Andaluziako patioa balitz bezala. Orain auzoko gazteok whatsapp talde bat dugu eta bertan hitz egindakoa gurasoei azaltzen diegu. Tamalez, auzoko familietako seme-alaba asko ez dira balkoietara ateratzen, lotsa ematen dielako. 

Balearen Egunean antzerkia ere egin zenuten balkoitik balkoira. Nola sortu zen ideia?
Balearen Eguna herrian egun seinalatua izaten denez,  nire anaiak pentsatu zuen eguna merezi duen bezala ospatu behar genuela. Gidoia nire anaiak eta Jon Itsaso bizilagunak osatu zuten, auzotar bakoitzari pertsonaia bat izendatuz. Gidoia auzoan banatu eta ostegunean entsegua egin genuen. Atzo ederki atera zen antzezlana.

Balkoiak ere apaintzen dituzue asteburuan jorratuko duzuen gaia oinarri hartuta. Nola moldatzen zarete horretarako?
Etxean ditugun elementuak erabiltzen ditugu, eta gure bizilagun Margari Azkue artista bat denez, berak egiten ditu Balearen Eguneko balea, Mexikar Festarako kaktusak eta horrelako elementuak. Artista handia da Margari, trebea da eskulanetarako eta ideia oso onak ditu. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiot, bere laguntzarik gabe ezinezkoa izango litzatekeelako asteburuetan antolatzen ari garen festak egitea.

Giro polita sortzen duzue herrian.
Horretan ahalegintzen gara. Egoera zaila da bizi duguna, eta ezinbestekoa da denon artean aurrera egitea. Zorionez, oso bizilagun onak ditugu eta gustura hartu dute ekimena. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiet, uneoro izan duten jarrera paregabeagatik.

Konfinamendua pixkanaka bukatzen ari da. Pentsatu al duzue noiz arte jarraituko duzuen ekimenarekin?
Osasun langileei babesa agertzeko txalo saioa gaur bukatuko dela aipatu digute, eta erabaki dugu itxialdiko azken festa datorren asteburuan egitea. Gaia oraindik ez dugu zehaztu, baina horretan ari gara. Dena dela, urtebetetzeak ospatzen jarraitzeko asmoa dugu. Azken asteetan, bizilagunen baten urtebetetze eguna izan denean, Zorionak abestia jarri dugu auzoan, eta ohiturari eustea da gure nahia. Izan ere, itxialdiak auzotarren arteko harremanak estutzeko balio izan du ,eta ez dugu sortu den giro berezia eten nahi.

Zu gaztea zara. Nola daramazu itxialdia?
Geldirik egon ezin duen pertsona horietako naiz. Beti gustatu izan zait etxean egotea, baina lagunen falta sumatu dut bi hilabete hauetan. Eskolan egunero egoten ginen elkarrekin, eta egun batetik bestera haiekin bideo-dei  bidez hitz egin behar izatea zaila egin zait. Horregatik, auzoan horrelako ekimenak antolatzeak konfinamenduko errutinatik ateratzeko balio izan digu. Gainera, orain selektibitatea prestatzen ari naiz, eta asteburuetako festatxoek burua argitzeko balio izan didate.

Ikaslea izateaz gain, Gurutze Gorriko boluntarioa ere bazara. Azken bi hilabeteetan jarraitu al duzu boluntario lanak egiten?
Bai, gure egoitza Zarautzen dago, eta egoera zaurgarrian dauden zarauztarrei laguntzen aritu gara azken bi hilabeteetan. Laguntza behar zuten herritarrek Zarauzko Udalera hots egiten zuten, eta Gurutze Gorriko boluntarioak joaten ginen laguntzera. Horrez gain, beharra zuten familien artean janaria banatzen aritu gara. Izan ere, koronabirusak sortutako krisi honetan inoiz baino garrantzitsuagoa izan da boluntarioon lana.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!