Atzeratutako apustua uztailean nahi dute jokatu Aizperrok eta Peñagarikanok

Karkara 2020ko mai. 19a, 12:11

Egoerak ahalbidetzen badu, erronka uztail bukaeraren bueltan jokatu nahi dute. Bi kirolariek ez dute zalerik gabeko apustua jokatzea lehenesten, eta babes neurriak hartuta apustua ikusleekin jokatzea espero dute.

COVID-19ak bertan behera utzi dituen hitzorduetako bat da Josean Olaskoaga Aizperro arraunlari ohiak eta Kepa Peñagarikano pilotari ohi azpeitiarrak Azpeitiko zezen plazan jokatu behar zuten apustua. Data atzeratu badute ere, erronka jokatzeko gogorik ez dute galdu bi kirolariek, eta horiek jakinarazi dutenez, uztailaren bukaeran nahi dute apustua jokatzea. Oraingoz, ez dute datarik zehaztu, baina egoerak ahalbidetzen badu, erronka uda bueltan jokatzea nahi dute biek ala biek.

Zehaztuta dute egin beharko dituzten lanak zeintzuk izango diren: bi kirolariek ehun kiloko harriari 35 altxaldi egin beharko dizkiote, kanaerdiko sei enbor ebaki beharko dituzte eta 4,5 kilometro osatu beharko dituzte korrika. Dena den, datarako prest egotea dute lehen kezka, eta ikusleak zezen plazara joateko aukera izatea bestea. Izan ere, bi kirolariek ez dute zalerik gabeko apustua jokatzea lehenesten, eta babes zein ikusle kopuruaren gaineko neurriak hartuta apustua ikusleekin egin ahal izango dutela espero dute.

Joan zen azaroaren 22an adostu zuten apustua Peñagarikanok eta Aizperrok Azpeitiko Mendizabal tabernan; martxoaren 14rako jarri zuten hitzordua. Dena den, otsailaren 27an erronkaren data atzeratzea eskatu zuen Aizperrok, harriarekin entrenatzen ari zela min hartu zuelako, eta martxoaren bukaerarako jarri zuten data berria. Koronabirusaren krisia Azpeitira ere iritsi zen, ordea, eta ordutik datarik gabe dute erronka. Hala eta guztiz, udan jokatzea aurreikusten dute bi kirolariek.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!