Udalak 30.000 euroko dirulaguntza emango dio Urolako Komunikazio Taldeari

Karkara 2020ko mai. 20a, 08:37

KARKARA taldeak eta eskualdeko komunikabide batzuek elkar hartuta, UKT kooperatiba osatu zuten iaz. Atzo sinatu zuten hitzarmena Anuska Esnal Orioko alkateak eta Uxua Ostolaza UKTren ordezkariak.

Orioko alkateak eta Urolako Komunikazio Taldearen (UKT) ordezkari Uxua Ostolazak lankidetza-hitzarmena sinatu zuten atzo goizean, asteartearekin, udaletxean. Horren arabera, Udalak 30.000 euroko dirulaguntza emango dio aurten UKT kooperatibari, eskualdean euskarazko komunikazio-zerbitzuak garatu eta emateko.,

UKT eskualdeko komunikazio-talderik garrantzizkoena bihurtu da. Hainbat idatzizko komunikabide argitaratzen ditu euskaraz eskualdeko herrietan: Karkara, Uztarria, Baleike, Hitza egunkaria… eta bere baitan du, baita ere, Erlo telebista, ikus-entzunezko alorrean.

Eskualdeko euskarazko hedabideen lekukoa

Urola Kostan hamarkada luzez lanean aritu diren euskarazko hedabideen oinordetza zuzena jaso du UKTk, eta funtsean, haiek zuten helburu bera bete nahi du, baina eskualde osoan eraginda. UKTren helburua da Urola Kosta eskualdean euskarazko komunikazio-zerbitzuak abiatu eta garatzea, informazioaren arlo tradizionalak nahiz berriak jorratuz, giza kohesioaren alde.

Gaur sinatutako lankidetza-hitzarmenaren bidez, Udalak bat egiten du UKTren helburu horrekin eta 30.000 euroko dirulaguntza emango dio, behar bezala garatu ahal izateko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!