Jo eta fuego etxean, musikak etenik izan ez dezan

Iñigo Gaiton Glez. de Txabarri 2020ko mai. 20a, 10:30

Pandemiaren ondorioz traba ugari izan arren, Danbolin Musika Eskolakoek lanean jarraitu dute itxialdian «online» zerbitzua emanez. Azken bi hilabeteetan, pantaila digital eta bozgorailuen artean nahastu dira ikasleen eta irakasleen arteko doinuak.

Birus gaiztoenak ekar dezakeen egoerarik beltzenean pentsatzen jarrita ere, musikak ez du etenik izango. Beti izango da moduren bat edo beste abesti berriak ikasteko edo instrumentu batekin trebatzen aritzeko. Horretaz konbentzituta dago Elena Errasti, Danbolin Musika Eskolako zuzendaria. Baikorra da Lezoko txistulari eta danbolin-jolea: «Gertaera txarrenak ere badu alde positiboren bat, eta saiatzen naiz horri erreparatzen. Krisiak egur handia eman digu, oso kezkatuta ibili garelako, baina ikaragarri ikasi dut. Ezin dugu aurrera jarraitzeko ilusioa galdu. Osasun krisian bizitakoarekin, argi daukat: kosta ala kosta, musika munduan lanean jarraitu nahi dut», hasi da hizketan. 

Musika eskolako zuzendaria denez gero, Errasti da zentroaren kudeaketaren arduradun nagusia. Martxoa erdialdean larritzen hasi zen: «Ardura handia sentitu nuen itxialdia indarrean sartutakoan; batetik, ikasleei zerbitzua ematen jarraitu nahi genuelako, eta bestetik, langile modura, irakasle bakoitzak errealitate desberdina duelako etxean. Gero, lantaldearen inplikazio ikaragarriari esker aurrera egiten ari ginela ikusita, hasierako sustoari bestelako galderek hartu zioten tokia: Nora garamatza honek guztiak? Nola eragingo dio krisiak musika eskolari?», gogoratu da Errasti.

Pantaila, alde eta kontra
Konfinamendua hasi zenetik, ordenagailuetako pantailak bihurtu dira ikasleen eta irakasleen topaleku. Halabeharrez jo behar izan dute baliabide digitaletara, ikasturtearen martxari eusten saiatzeko. Errasti txistuko irakaslea ere bada Danbolinen. Bere iritziz, eskolak pantailen bidez ematea eraginkorra da, baina aldi berean, frustrazioa ere eragiten dio lanean hala aritu beharrak: «Ordenagailu bidez arituta, nire lanaren parte bat galtzen dela sumatzen dut, mugak sentitzen ditut. Pantailen bidez ez da sortzen ikasleekin aurrez aurre egonda izaten den lotura berezia. Gure kasuan, eguneroko lanean, oso ohikoa da ikasleekin batera partiturak jotzea, eta hori ezin da fundamentuz egin ordenagailu bidez. Grabazioak eta halakoak egiten ditugu, baina zuzeneko musika ordezkaezina da, aurrez aurrekoa». 

Dena den, gailu digitalek ere ekarri dituzte gauza onak, Errastiren iritziz: «Gurasoen aldetik jakin dugunez, bideo-dei bidezko eskolak mantendu izana lagungarria izan da etxeko martxan, haurrek eguneko zati bat beteta izan dutelako musikarekin. Ikasle bat instrumentuarekin ari denean, horretan zentratuta egoten da, eta kontzentrazio horri esker, denbora-tarte hori arindu egiten da, hobeto pasatzen da» nabarmendu du. Pozik da gurasoengandik jasotako iritziekin. 

Ikasleak gustura
Aloña Iribar musika eskolako gurasoa da. 10 eta 12 urteko seme-alabak ditu han matrikulatuta; trikitixa jotzen du batek, kitarra besteak, eta biak ari dira musika mintzaira ikasten. Gustura agertu da etxeko txikiek itxialdian jaso duten musika heziketarekin: «Azken bi hilabeteetan ikusi dudanaren arabera, bi faseetan bereiziko nuke Danbolinetik jaso duguna: Aste Santura arte, nahikoa astuna egin zen eskolak jarraitzea, umeei egin beharrekoa e-posta bidez bidaltzen zietelako. Oporren ondoren, ordea, bideo-dei bidez hasi ziren irakasleekin lanean, eta hortik aurrera primeran joan da dena», adierazi du. Alaba dantzan ere aritzen da, eta «gogoz konektatzen da Internetera» taldetxoa juntatu eta dantzan egiteko. 

Itxialdian zehar musikak, musika hezkuntzak zehatzago, etxean zer rol jokatzen duen galdetuta, hau erantzun du Iribarrek: «Oraingoz behintzat, ez nuke esango instrumentuak jotzea entretenimendua denik seme-alabentzat; gehiago da ikasketa akademikoa, egunerokoan txertatua duten ohitura-edo. Hasiera batean, senarra eta biok egin genuen haurrak Danbolinen matrikulatzeko hautua, eta gaur gaurkoz, jarraitzea erabaki dute», dio Iribarrek. 

Moldatzeko gaitasuna
Danbolin Musika Eskola eragile garrantzitsua da herrian. 1986-1987 ikasturtetan ateak zabaldu zituenetik, ehundaka ikasle pasa dira handik. Iribarrez iritziz, musika eskolak jakin du garai eta egoera berrietara moldatzen. «Gure garaian ikasten genuen musika mintzairak ez du oraingoarekin zerikusirik, alde ederra dago! Orain haurrekin darabilten metodologia askoz ere erakargarriagoa dela iruditzen zait. Gauza batzuetan asmatuko zuten eta besteetan ez, baina orokorrean, uste dute Danbolinekoek ondo egiten dutela haien lana. Badakite momentuko beharren arabera moldatzen, eta itxialdia ez da salbuespena izan», agurtu da. 

Musika Eskolakoak itxialdi garaira ondo moldatu badira, iazko udazkenean plataforma berritzaile baten aldeko apustua egin zutelako izan da: musika mintzaira teknologia berrien bitartez ematen hasi ziren, eta osasun krisia hasterako,  ikasle txikiek menperatzen zuten tresna digitala. Hala azaldu du Amaia Gutierrez irakasleak: «Egia esan, ezohiko egoera honetan lana dezente erraztu digu plataforma honek, pozgarria da aldeko apustua egin izana», adierazi du. 

Valentzian garatuako programaren bitartez, ikasleek etxeko ordenagailuetatik egiten dituzte solfeoko ariketak. Azken urtetan, ikastetxeetan ohikoak bihurtu dira halak baliabideak, baina musika eskoletara beranduago iritsi dira. Danbolinekoen arabera, plafatormari esker atseginagoa da ikasketa prozesua, besteak beste, ikasleek musika jolasen bidez ikasten dutelako. Alde on gehiago ere baditu plataformak, Errasti zuzendariaren esanetan: «Normalean, halako baliabide teknologikoak gaztelaniaz izaten dira, eta guk erabiltzen dugunak euskarazko bertsioa du. Gainera, irakasleon komunitatea ere indartzen du, metodologia etengabe berritzen aritzen garelako». 

Ikasleekin egoteko gogoz
Gutierrez biolin irakaslea da, eta bost urteko haurrekin ere aritzen da tailerrean, musikaren oinarriak lantzen. Errastik aipatutako mugekin egin du topo berak ere: «Esan dudan modura, teknologiak gauza onak ditu, bai, baina batzuetan gehiegi hauspotzen dugu ideia hori. Eskolak aurrez aurre ematea ordezkaezina dela iruditzen zait», gehitu du. 

Bi hilabete badira ikasleekin egon ez dela, eta faltan botatzen ditu; ordenagailuko pantailan ikusten dituenean, askotan etortzen omen zaio etxetik atera eta haiekin musika eskolan juntatzeko gogoa.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!