Orion indarrean jarraituko dute kalera ateratzeko ordutegiek, biztanle-dentsitatearen ondorioz

Karkara 2020ko mai. 22a, 14:15

10.001 biztanletik behera izateaz gain, kilometro karratuko 100 biztanletik beherako dentsitatea izan behar dute herriek, Espainiako Gobernuak argitara emandako agindua aplikatuta ordutegi askatasuna izateko. Oriok 601,54 biztanle/km2-ko dentsitatea du.

Espainiako Gobernuak goizean eman du argitara aldizkari ofizialean 10.001 biztanletik beherako herrietan kalera ateratzeko eta ordutegiak kentzeko agindua. Publiko egin duten momentutik indarrean da agindu berria. Zehaztu dutenez, hurrengo fase aldaketara arte izango da martxan; gauzak ondo bidean badoaz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan datorren astelehenera arte, maiatzaren 25ean eman daitekeelako bigarren faserako urratsa.

Gaur argitaratu duten aginduak, ordea, hasiera batean espero ez zen ñabardura bat du: biztanle kopuruaz gain, dentsitatea ere kontutan hartu beharko dute herriek agindu berria aplikatu ahal izateko. Kilometro karratuko 100 biztanletik beherako dentsitatea duten udalerrietan ordutegi-askatasunaz gozatzeko aukera dute gaurtik aurrera; Orion ez da horrela izango, herriak 601,54 biztanle/km2-ko dentsitatea duelako.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!