COVID-19ak sortutako kalteak arintzeko neurriak hartu ditu Orioko Udalak

Karkara 2020ko mai. 26a, 12:46

Besteak beste, merkatariei eta ostalariei laguntzeko neurriak martxan jarri ditu, baita udako Elkarzaintza Zerbitzua ere. 

Anuska Esnal Oliden Orioko alkateak eta Xabier Ibarguren Azkue kultura, festa eta gazteria zinegotziak COVID-19ak sortutako osasun larrialdiari aurre egiteko, azken hilabeteetan hartu diren neurrien berri eman dute gaur eguerdian.

Gizarte Zerbitzuen arloan martxan jarri diren ekimenak azalduz abiatu du hitzartzea Esnalek. Agerraldian azaldu duenez, iaz larrialdi laguntzen eskariak gora egin zuela ikusita, aurtengo udal aurrekontuan laukoiztu egin zuten partida hori, eta gizarte-larrialdietarako laguntzak jasotzeko irizpideak betetzen ez dituztenentzat diru-partida berri bat ere jaso zuten. "Horregatik, etxeko lanak eginda harrapatu gaitu koronabirusak sortutako krisiak. Dena dela, nabarmendu behar da aurten dagoeneko iaz urte osoan baino larrialdi laguntza eskari gehiago jaso ditugula". Gainera, jakinarazi du Udalak ekarpen ekonomikoa egin diola elikagaien bankuari, COVID-19ak sortutako testuinguru berrian eskariak gora egin duela ikusita.

Bestetik, merkataritzari eta ostalaritzari laguntzeko neurriak ere hartu ditu Orioko Udalak. Alde batetik, ekainaren 1etik aurrera erosketa bonuak jarriko dituzte herritarren eskura, alarma-egoeragatik itxita egon diren edo diru-sarreretan %75eko jaitsiera izan duten merkatariei laguntze aldera. Era berean, Sartu kalera. Bizi kalea. Erosi Orion! lelopean kanpaina bat abiatu dute, herritarrak herriko dendetan kontsumitzera bultzatzeko.

Horrez gain, herriko ostalariei terraza handitzeko aukera eman diete, mahaien artean segurtasun tartea gorde eta horrek dakarren kalte ekonomikoa arintzeko. Ildo horretan, tabernetako terrazei eta bide publikoa okupatzen duten merkatariek %95eko hobaria aplikatuko zaie egiten duten okupazio tasaren gainean. Eta, Orioko Udalak murriztu egingo ditu bere jabetzakoak diren lokal eta eraikinetako ostalaritza zerbitzuak ustiatzeagatik ordaindu beharreko kanona.

Elkarzaintza zerbitzua
Txurrumusi elkarteak jakinarazi zuen, aurtengo udan ez zela udaleku ireki zerbitzurik izango herrian, orain arteko formatuan legeak ezartzen dituen segurtasun neurriak betetzea ezinezkoa izango delako. Dena dela, Elkarzaintza Zerbitzua eskainiko du Txurrumuskik, Udalarekin elkarlanean, zerbitzuaren beharra duten familiei zuzendua. 

Astean zehar emango dituzte jakitera Elkarzaintza Zerbitzuaren zehaztasunak, eta aurreinskripzioa egiteko galdetegi bat ere zabalduko dute, familien beharrak identifikatu eta ahalik eta zerbitzurik onena eskaini ahal izateko. Dena dela, Xabier Ibarguren zinegotziak nabarmendu du zerbitzua mugatua izango dela, eta bakar-bakarrik horren premia duten familiek eskainiko zaiela. "Egoera zaurgarrian dauden familiek, eta bi gurasoak lanean dauden familiek lehentasuna izango dute. Horregatik, inguruan zaintza sarea duten familiei eskatzen diegu beharra dutenentzat tokia utzi dezatela".

Udako lanpostuak
Udako lanpostuak betetzeko Orioko Udalak egin zuen deialdian izena emateko epea ekainaren 1etik 5era luzatuko dute. Esnalek azaldu du lehendik izena emanda zutenek ez dutela ezer egin beharko eta hautagai berrientzat irekiko dela epe berria. Hala, hautaketa-probak ahalik eta lasterren egingo dituzte, uda denboraldia uztailaren 1ean irekiko baita.

Herriko jaiak bertan behera
COVID-19ak sortutako osasun larrialdi egoera dela eta, Orioko Udalbatza osatzen duten taldeek aho batez erabaki dute San Pedro Jaiak bertan behera uztea, eta Bisiguaren Festa uztailean ez egitea. Hala ere, Udalak aztertu egingo du ea badagoen aukerarik Bisiguaren Festa beste hilabete batean, beste formatu batean egiteko. Ibargurenek azaldu duenez, "ez dira erabaki errazak izan. Gogo biziz gaude hutsak geratu zaizkigun espazioak jai giroz betetzeko. Kulturatik, berriz ere egin eta eraginez, herri-bizitza izaten jarraitu nahi dugula argi dugu. Orain, ordea, ardura kolektiboz jokatzen jarraitzea dagokigu Udaletik, soseguz, zaintza eta osasuna  erdigunean jarrita. Festak eta kultura programazioa itzuliko dira eta indartsuago itzuliko dira". Bide horretan, uztailean areto barruko kultur programazioa martxan jartzeko asmoa du Orioko Udalak dalak eta, abuztutik aurrera, espazio publikoetan egiten diren kultur eta jai ekitaldiei ekingo diete.
 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!