"Etxekolanak eginda harrapatu gaitu krisiak"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko mai. 29a, 11:12

Duela urtebete udal hauteskundeak irabazi zituen EH Bilduk Orion, eta ordutik herriko alkatea da Anuska Esnal Oliden. Osasun krisiaren kudeaketa eta alkatetza izan ditu hizpide elkarrizketan KARKARArekin.

ANUSKA ESNAL OLIDEN - Orioko alkatea

Konfinamendutik ateratzeko urratsak hasi dira. Zer sentitzen duzu udaletxeko leihotik begiratu eta herria pixkanaka berpizten ikusten duzunean?
Ustekabean egin nintzen Orioko alkate, eta ezohiko egoera hau bizitzea tokatu zait lehen agintaldian. Gizarte langilea naiz formazioz, eta urte asko egin dut larrialdi egoeren kudeaketan lanean. Patuak nahi izan du, alkate modura larrialdi hau kudeatzea.
Bi planotan banatzen ditut egoera honek eragiten dizkidan sentimenduak: batetik, oso kontziente naiz nola aldatu zaigun denoi eguneroko bizitza. Jende asko geratu da langabezian, hozkailua betetzeko zailtasunekin, etxean haurren hezkuntza bermatu ezinik... Bergizarteratze prozesua abiatzen ari garela ikustea pozgarria da. Bestalde, pena ere sentitzen dut, familia asko geratu direlako hildakoak nahi bezala agurtu gabe.
Pozik nago jendea normaltasun berrian martxa hartzen ari dela ikusita, baina aldi berean, herrian errealitate gogorrak ditugula kontziente naiz, eta horrek atsekabea eragiten dit. Udalean ardura postuak ditugunok enpatia izan behar dugu egoera gogorrean daudenekin, eta horiek kontuan izan eguneroko lanean.
Bestalde, ardura handia eragiten dit osasun krisiaren osteko udalaren kudeaketak. Pandemia kontrolatzea lortu den arren, krisia hasi besterik ez da egin.

Nola baloratzen duzu hilabete hauetan herritarrek izan duten jarrera?
Egun batetik bestera jaso genuen etxean geratzeko agindua, eta herritarrek etsipenez baina arduratsu jokatu zuten. Gerora, neurriak arintzen joan ahala, gehiegi gustatu ez zaizkigun irudiak ikustea tokatu zaigu, baina normala ere bada jendeak normaltasunera bueltatzeko irrika izatea. Hala ere, ezin da ardura guztia herritarren gainean utzi, askotan, zoritxarrez, jaso edo eman diren aginduak kontraesankorrak izan dira eta nahasmena sortu izan dutelako.
Dena den, begirada ondo egiten den horretan jartzea gustatzen zait, herri ahaldundu bat nahi dudalako; gauzak ondo egiteko atzetik poliziaren zaintza behar ez duen herria. Hori horrela izanik, iruditzen zait herriak oso ondo erantzun duela, ardura handiarekin.
Bestalde, Orio oso solidarioa ere ikusi dugu, herrian sortu den laguntza-sarearekin edo etxeetan egin diren maskarekin, adibidez. Sistema umezurtz agertu da pandemiaren aurrean, eta herritarrek jakin dute antolatzen eta sortutako behar berriei erantzuna ematen. Bizilagunen arteko harremanak ere indartu ditu krisi honek, eta hori ere ederra izan da. Harro egoteko herria da Orio.


2020ko udal aurrekontuan egokitzapenak egin dituzue. Zergatik?
Foru Aldunditik esan digute bueltatu egin beharko dugula foru funtsetik jasotzen dugun dirua. Ia milioi bat euroko kopurua da. Horrez gain, herrian hartu ditugun hainbat neurrik diru sarreretan eragina izango dute. Kalkulatzen dugu bi milioi gutxiago izango ditugula krisiaren ondorioz. Hala, sarreretan galera handia izango badugu, inbertsioak ere ezingo dira denak egin. Horren aurrean, lau alderdien artean adostu dugu zeri eman lehentasuna.  


Hainbat herritarrek kolpe gogorra jaso dute larrialdi krisi honen eraginez. Orioko Udalak dirlaguntza lerro bereziak sortu al ditu?
Udal aurrekontua azaroan onartu genuenean, esan genuen aitzindiriak zirela, batez ere gizarte zerbitzuen arloa indartu genuelako; eta azken hilabeteetan asko eskertu dugu egindako ahalegina. Alde batetik, gizarte larrialdietarako dirulaguntzen zorroa laukoiztu genuen. Bestetik, pobreziaren diagnosiari eta gizarte zerbitzuetan egin genuen azterketa sakon bati esker, ikusi genuen Orion bazirela larrialdietako laguntzetatik kanpo geratzen ziren herritarrak, irizpideak betetzen ez dituztelako, eta horiek oinarrizko laguntzarik gabe geratu ez zitezen dirulaguntza lerro berria sortu genuen. Horregatik, larrialdi egoerak etxekolanak aurretik eginda harrapatu gaitu, eta horrek osasun krisia kudeatzeko lasaitasuna eta hasieratik martxan jartzeko aukera eman digu.
Gizarte zerbitzuen arloan hainbat neurri hartu ditugu. Alde batetik, eguneko zentroa itxi egin zen eta bertako 22 erabiltzaileren familiei etxez etxeko laguntza eskaini diegu. Bestetik, COVID-19aren krisiaren aurretik bagenituen herrian egoera zaurgarrian dauden familiak eta erabaki dugu laguntza psiko-soziala indartzea.
Bestalde, ikastetxeekin hasita geunden lantzen nola egin behar dugun familia zaurgarrien behaketa eta prebentzio lana. Egoera berriak arrakala izugarria sortu du ikasleen artean, eta behaketa lana egina genuenez, behar izan denean naturaltasunez egin da gizarte zerbitzuen esku hartzea. Aurrez egindako lana fruitua ematen ari da.


Merkatariei eta ostalariei laguntzeko neurriak hartu al dituzue?
Merkatariak izan dira herria sostengatu dutenak eta oso polita izan da herritarrak denda txikietan erosten ikustea. Horregatik, garrantzitsua iruditu zaigu, normaltasunera bueltatzean ere, sortutako dinamika horrekin ez haustea. Hala, merkatari txikien kanpaina jarri dugu martxan, eta merkataritza bonuak ere jarriko ditugu herritarren eskura ekainaren 1etik aurrera; bonuaren herena udalak ordainduko du. Ekimenaren lortu nahi dugu herritarrei eta merkatariei laguntzea eta bien arteko harremana sendotzea.
Ostalaritza arloan bestalde, terrazen zergetan %95eko hobaria egin da eta ahal den neurrian behintzat terrazak handitzeko ahalegina egin du udalak. Udalak ere baditu hainbat taberna publiko, eta horiek kudeatzeagatik ordaintzen den kanonaren murrizketa ere egingo da.


Uste duzu osasun krisi honek aldatu egingo duela herritarren bizimodua, etorkizun hurbilean?
Konfinamendu honek zer pentsatua eman digu eta niri lehen nituen irizpideak berresteko balio izan dit. Gustatuko litzaidake larrialdi honek ekarri dizkigun gauza onek aurrera jarraitzea. Esaterako, merkatari txikietan erosteko ohiturari bizirik eustea, eta gizarteak ikustea herri baten oinarria elkar zaintzea eta laguntzea dela. Badakigu bakoitzak zer bota duen faltan, eta bakoitzaren gogoetarako utzi nahi dut hausnarketa, baina gustatuko litzaidake beste balio batzuetan oinarritutako gizarte bat sortuko bagenu.


Urtebete daramazu alkate karguan. Zer balorazioa egiten duzu?
Alkate izateko aukerak ahaldunduta harrapatu ninduen, bizitzako beste hainbat erronkari aurre eginda. EH Bilduko zinegotziok azkar hartu genuen udaleko martxa, eta uda sukaldeko lana egiteko baliatu genuen. Irailean ordenantza fiskalak onartu genituen eta azaroan aurrekontuak prest genituen mahai gainean, lau alderdien ekarpenekin eta sintonia onean. Gainera, iraultzaileak izan dira gizarte lanaren ikuspegitik, eta osasun larrialdiak berretsi du lanak ondo eginda genituela esparru horretan.
Kultura aldetik ere beste dinamika bat eman diogu herriari, eta turismoari dagokionez, plan estrategiko indartsua ari gara lantzen, herriak bere nortasunean eta esentzian oinarritutako  eskaintza izan behar duelako.
Larrialdietan ikusten da makinaria baten errendimendua, benetan funtzionatzen duen edo ez. Gustura nago egiten ari garen lanarekin, egiten dudanean sinisten dudalako, eta askatasun handiarekin hartzen ari naizelako erabakiak. Hasierako ilusioari eta grinari eusten diet, eta datozen hiru urtetan orain arte bezala segi nahi nuke.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!