Kontziliazioarekin lanak

Julene Frantzesena-Onintza Lete Arrieta 2020ko mai. 29a, 15:32

Halabeharrez telelana eta zaintza uztartzen ari da guraso asko martxo erdialdetik. Beste batzuek baimenen bat eskuratu dute edo eszedentzia eskatzea erabaki dute. Ondoko erreportajean bildu ditugu hiru familiaren testigantzak, horien artean,  Larrañaga-Odriozola familiarenak.

Bi asteko kontua zena bi hilabetetik gora ari da luzatzen, eta ez da ziurra datozen hilabeteetan egoera bere onera etorriko denik. Eskoletako ateak martxoaren 13an itxi zituzten, eta lehendik konplikatua zen kontziliazioa erabat zaildu zaie gurasoei, bereziki ume txikiak dituztenei. Haurrak etxean egon dira konfinatuta, eta COVID-19a zabaltzea saihesteko eta bereziki adinekoak babesteko, ahal izan dutenek ez dute jo aiton-amonengana zaintza lanetarako. Horrek gurasoak behartu ditu haurren kargu egitera: askok erabaki dute telelana egitea baldintza kaskarretan, zaintzarekin batera egin behar izan dutelako, eta beste askok eszedentzia edo baimenak eskatu behar izan dituzte etxean gelditu ahal izateko. Agerian gelditu dira egungo gizarte egituraren ahulguneak, eta oraingoz behinzat agintariek ez dute alternatibarik proposatu egoera hobetzeko.

Familia adina errealitate dago gizartean, eta eskualdeko hiru herritako familia banarengana gerturatu da Hitza, nork bere esperientzia konta dezan. Ondorio nagusiak, hiru: gizarte osoari dagokiola kontziliazioan aurrerapausoak ematea; alarma egoeran umeak eta nerabeak ahaztuak izan direla; eta epe luzera begirako soluzioak ez direla ez telelana, ez eszedentziak. 

Unibertsitateak eskaini dien aukerak salbatuta, momentuz

Zorteko sentitzen da Orioko Larrañaga-Odriozola familia. 4 urteko alaba dute Eneritz Odriozola oriotarrak eta Asier Larrañaga azkoitiarrak, eta alarma egoera ezarri aurretik, egunerokoan aiton-amonek asko laguntzen zieten alaba zaintzen. Haiek eramaten eta jasotzen zuten eskolatik gurasoak lanera joan ahal izateko. Orioko Herri Ikastolako irakaslea da Odriozola, DBHkoa, eta EHUn laborategi teknikaria, Larrañaga.

Eskolak itxi zituztenean, haurraren zaintza berrantolatzen hasi, eta Odriozolak aitortu du bikotea «azkar» ibili zela. Larrañagak kontatu du unibertsitatearen politika zer izan den: “Unibertsitateko eskolak ere bertan behera gelditu ziren, eta ostegun arratsaldean EHUk epea zabaldu zuen umeen zaintzarako eskaerak egiteko. Hori jakin nuenean, berehala egin nuen eskaera”. Beharrezko dokumentuak bidali, eta ostiral eguerdian jaso zuen baiezkoa, umeen zaintzagatik etxean gelditu ahal izateko. “Larunbatean erabaki zuten irakasle guztiek etxetik egingo zutela lan, eta hortaz, berez ez da sekulako aldaketa izan. Baina bai orain, berriz irakasleak unibertsitatera itzultzen hasiko direnean, nik etxean jarraituko dudalako baimen horrengatik”. Ikasturtea amaitu artekoa da baimena berez. “Baimen hori baldintzatuta dago unibertsitateak hartzen dituen erabakien arabera”. Berez etxetik telelana egiteko da baimena, baina Larrañagaren lana, esaterako, laborategian egitekoa da nagusiki. “Dena den, gure lanak itxaron dezake. Irailerako dena prestatzeko udako tartea aprobetxatzen dugu normalean, eta maiatzean gaude oraindik”, azaldu du Larrañagak.

Unibertsitatean guraso diren langile askok hartu du baimena. Baina badago arazoak dituenik ere. “Lan motaren arabera, batzuek unibertsitatera itzultzeko eskaera jaso dute, lana dute zain, eta baimena eskatu arren, ez dute baiezkorik jaso oraindik”.

Luzarora begira ezinezkoa
Larrañaga beldur da irailean zer gertatuko den haurrek eskolarik gabe jarraitzen badute, uste duelako lehenago edo beranduago unibertsitatera bueltatu beharko duela lana presentzialki egitera. Hori gertatzen bada, nola antolatu? «Aiton-amonengana jo beharko dugu, ez daukagu beste aukerarik», esan dute biek. Baimenik jaso izan ez balute ere horixe egin beharko zuketen. “Gurutzatuko ziratekeen gurutzatu behar ez duten bi esparru: kutsagarritasun arrisku gehien dutenak, errazen kutsatzen dutenekin. Hori zen nahi genuen azkeneko gauza, eta momentuz lortu dugu”. Horregatik, Odriozolak azpimarratu du ezin direla kexatu. DBHko irakaslea denez, Odriozolak eskolak ematen jarraitzen du etxetik, online. Hasierako egunak izan ziren gogorrenak, dena prestatzeko ordu asko eta asko behar izan zituztelako irakasleek, baina orain ere etxetik lana egitea eta zaintza ez dira bateragarriak berarentzat. “Eskolak ematen ari naizenean %100 nago horretara, ezin dut haur bat zaindu aldi berean”, azpimarratu du. Lanbideak eta lanbideak daude, baina Larrañaga-Odriozola familiak argi du gizarteak ezin duela luzaroan jarraitu egoera honetan. “Haurra ezin duzu eraman ez eskolara, ez udalekura, ez aiton-amonengana, baina gurasoak ezin du etxean egon lana egin behar duelako. Nola egingo dugu ba hori? Irtenbideren bat behar da”.

“Gure egoera, egoera txar honen barruan, egon daitekeen onena da; zentzu horretan, ezin gara kexatu”, jarraitu du Odriozolak. Kontziliazio faltak, gainera, ez die gurasoei bakarrik eragiten. Uste du zaila dela jakitea familia bakoitza zer egoeratan dagoen, “denetariko egoerak baitaude”, baina dakiena da nerabe asko etxean bakarrik egoten direla goizetan, gurasoak lanera doazelako. “Umeez asko gogoratu gara, adinekoez ere bai, baina nerabeena izan da ahaztu dugun adin tartea”, iritzi dio.

Bi hilabeteko eszedentzia eta gero, ‘amaman’ txanda

Konfinamendua ezarri zutenean, haurren zaintzaz arduratzeko lantokian eszedentzia eskatu zuen Beñat Lizasok (Azpeitia, 1982). “Nahikoa izango zelakoan”, hilabeterako baimena hartu zuen martxoaren 23an, baina gero, beste hilabetez luzatu behar izan zuen “inor mareatu gabe” umeekin egoteko: “Neu etxean sartu eta listo”.

Hasierako egunak ondo eraman zituzten Lizasok eta alabek, haren arabera, umeak etxean egon behar zutela “mentalizatuta” zeudelako eta koronabirusa beste konturik ez zegoelako. “Etxeko lanak egin, margotu, filmak ikusi, karta-jokoan aritu… denetarik egin genuen. Denbora aurrera joan ahala, baina, aspertzen hasi ziren umeak, eta azkenerako luze egin zaigu”. 7 eta 5 urteko alabek koronabirusa zela-eta etxean egon beharra zegoela ulertu zutela azaldu du: “Lagunekin bideo-deiak egin dituzte, eta haiek ere etxean zirela ikusi zutenez, errazago ulertu dute guztia. Adin horrekin ez da gutxi etxean horrela egon behar dutela asimilatzea”. Dena den, bere batean konfinamendua “ondo” igaro dutela azaldu du.

Lizaso jakitun da COVID-19a bat-batean etorri dela eta erabakiak ere berehala hartu behar izan dituztela; izan ere, haren arabera, koronabirusa “inoiz ezer ez bezala” etorri da. Baina badu kezka bat: krisialdiaren kudeaketan umeak “erabat” ahaztuak izan direla uste du. “Umeen osasuna zaindu beharrekoa bada, haurrek kalera atera behar dute”.

Gainera, astelehenera arte kalean ordubetez egoteko aukera izan dute umeek, eta azpeitiarraren arabera, denbora tarte horretan ez dago ezer asko egiterik: “Umeak ezertaz jabetzen ez diren pertsonak bailiran hartu dira, baina ez da horrela. Terrazetan hamar orduz egoteko aukera izan dugu, baina umeekin kalean ordubete? Txistea da». Eta haurren konfinamendua arintzen hasi zirenean ezarritako lehen neurriak ere ez ditu ulertzen: «Umeek dirurik ez dute mugitzen, eta… Hasiera hartan umeak supermerkatura eta bankura soilik joan zitezkeen… baina zertara? Ez sinestekoa da”.

Bi eszedentzia oso ezberdin
Hala eta guztiz, kalera ateratzen hasi direnetik alabak “askoz ere hobeto” daudela azaldu du. “Lagunak ikusi dituzte, pixka bat jolastu dute, beren inguruneetan ibili dira, zelaian jolas egin dute… Ze, konfinamenduaren hasieran entretenitzen ziren, baina denborarekin kanpoko buelta hori faltan sumatzen zuten. Ez dut esaten eguna kalean pasatu behar dutenik, ezta gutxiago ere, baina pixka batean, arratsaldeetan hiru bat orduz laga izan baliete…”.

Bi hilabete eszedentzian igarota, astelehenean hasi zen lanean berriz ere Lizaso. Hala eta guztiz, berak lanera joateko dena antolatu beharra dutela adierazi du: “Lanera gustura itzuliko nintzatekeen bizimodu normala egitea izango bagenu, baina hori ezin dugunez egin, amamak-eta etorri beharko dute haurrengana”. Lehen ere eszedentzian egona zen, baina ordukoan “asko disfrutatu» zuela aitortu du: “Uda sasoia zen, eta umeekin hondartzara, igerilekura, parkera… joateko aukera izan nuen. Duela hilabete batzuk esan izan balidate bi umerekin 24 ordu etxean igaro behar ditudala… ostras!”.

Lan ibilbide oparoa amatasunarekin uztartuz 1990eko hamarkadan


“Bi kontzeptu bateraezin bateratzea esan nahi du kontziliazio hitzak. Batetik lana, eta bestetik, ama izatea. Nire ustez, ordea, badira bateragarriak. Gakoa da nola bateratzen diren”. Carmen Agoues administrazio zuzenbideko doktorea da, EHUn irakasle, eta besteak beste, EHUko udako unibertsitateko zuzendaria izan da hainbat urtez. Ibilbide profesional oparoa du, baina lau seme-alaba ere baditu, gazteena 20 urtekoa. Askori harrigarria egingo zaie; berak, ordea, argi zeukan ume asko eduki nahi zituela.

1990eko hamarkadan nola bizi izan zuen kontziliazioaren gaia? “Zorte handia izan nuen, ingurukoen laguntza asko jaso nuelako. Senarraren gurasoak oso gazteak ziren, eta haiek asko lagundu ziguten, baita nire ahizpa batek eta hogei urtez gurekin eduki dugun Arantxa aiarrak ere”. Aldiz, unibertsitatean ez zen kontuan hartzen lankide batek umeak zituen ala ez. “Gauza batzuetan aurrerapauso handiak egon dira. Niri bilera 08:00etan jartzen zidatenean, inork ez zuen pentsatzen egun hartan ezin nituela haurrak eskolara eraman; nik bai, baina ez nintzen ausartzen ezer esatera. Gaur egun, bileren orduak jartzerakoan derrigorra da kontziliazioa kontuan hartzea, eta ama batek esango du lasai berak ezin duela ordu horretan”.

Dena den, Agouesek uste du unibertsitatean bertan oraindik badagoela zer aldatu berdintasunaren bidean. Esaterako, berak baldintza guztiak betetzen ditu katedra eskuratzeko, bat izan ezik. Izan ere, derrigorra da atzerrian urtebeteko egonaldia egitea, eta hori falta zaio. “Zein amak utziko ditu haurrak hemen eta joango da atzerrira urtebetez? Edo familia osoa hartuta? Argi dago gizonezkoek jarri dituztela arauak”. Beren fakultatean, esaterako, emakume asko dira, “baina 52 katedradunetatik bi bakarrik dira emakumeak, eta bietako inork ez du seme-alabarik. Horrek zerbait esan nahi du”, iritzi dio. “Nire senarrak katedra lortu zuen garaian [Juanjo Alvarez zuzenbide pribatuko katedradun zumaiarra] hiru hilabete igaro behar ziren atzerrian, eta AEBetara joan ginen denok, hiru haurrak hartuta, oraindik txikiak zirenean. Gerora, ordea, urtebeteko tartea egitea erabaki zen. Niri hori tokatu zitzaidan. Laugarren umea ere jaioa zen ordurako, eta erabaki nuen ez nituela haurrak urtebetez hemendik aterako, ez zitzaidan onuragarria iruditzen beraientzat”, azaldu du. Azpimarratu du lanaren eta familiaren artean aukeratu behar izan duenean, beti seme-alabei eman diela lehentasuna; “kontzienteki egin dudan zerbait izan da”.

Atzera begiratzen duenean, aitortu du une gogorrak ere egon direla lana eta amatasuna uztartzerakoan, eta seme-alabei denbora asko ezin izan diela eskaini ere kontatu du. “Eskolarik eman behar ez nuenean etxetik egin nezakeen lan, eta beraz, umeekin egoten nintzen, hor nengoen, baina ez beraiekin jolasean edo beraiek atenditzen; lanean edo ikasten baizik”.

Amona izan berri da, eta uste du bilobari eskaini ahal izango diola seme-alabei eskaintzerik izan ez zuen hura. Eta gazteen alde ere mintzatu da. “Ni ez nator bat gazteen kontra esaten direnekin. Nik, esaterako, gaztetan banekien saiatzen banintzen urte batzuz lanean, aukera edukiko nuela lan hobe bat lortzeko eta familia bat osatzeko. Gaurko gazteek ez dute ziurtasun hori, eta oso zaila da egoera honetan erabaki sakonak hartzea”. Uste du gizarte osoaren ardura dela kontziliazioan aurrepausoak ematea eta umeak eduki nahi dituenari laguntzea. Ama izatea ez dadin izan ahal duenaren pribilegioa, nahi duenaren erabakia baizik.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!