Ertzainak eta udaltzainak banan-banan aritu dira hondartzako erabiltzaileak informatzen

Karkara 2020ko mai. 30a, 17:15

Orioko Udalak atzo erabaki zuen hondartza zabaltzea soilik bainurako, kirola egiteko eta paseatzeko, baina ez eguzkia hartzen egoteko. Eguraldi onagatik jende asko elkartu da gaur goizean, eta Ertzaintzak eta Udaltzaingoak lan ugari izan dute herritarrei azalpenak ematen.

Antilla hondartza erdi hutsik, eta hondartza ondoko berdegunea pertsona bakar bat gabe. Tenpera altuek eta eguzkiak jende asko erakarri du gaur goizean hondartza ingurura, baina ertzainek eta udaltzainek banan-banan informatu dituzte erabiltzaileak, Orioko Udalak erabakitako neurrien berri emateko. Alegia, hondartzan ezingo dela egonean egon. Soilik kirola egiten, paseatzen edo bainua hartzen. 

Udalak erabakia hartzekorakoan kontuan izan ditu "Osasun Sailak emandako gomendioak eta azken egunotan antzemandako jokabide desegokiak". 

Gainera, gogorarazi du soroslerik ez dela egongo hondartzan ekainaren 15era arte, eta beraz, kontu handiz bainatzeko eskatu du. Halaber, beste pertsonekiko bi metroko distantzia mantendu behar dela azpimarratu du, eta egonaldi motzak egitea gomendatu du, jende pilaketak saihesteko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!