Iosu Esnaola: "Oso balorazio ona egiten dugu bileraz"

TKEko hamabi klubek zortzi orduko bilera egin zuten atzo, eta araudia mantenduta, hemezortzi jardunaldiko denboraldia adostu zuten Eusko Label eta Euskotren ligentzat. Esnaolarentzat garrantzitsuena zen "arraunlarien segurtasuna bermatzea, eta ondoren, estropadentzako datak egotea". Emaitzei buruz galdetuta, OAEko presidenteak uste du zorteak zerikusi handia izango duela aurtengoan.

Zortzi orduko bilera egin zuten atzo TKE Traineru Kluben Elkartea osatzen duten hamabi klubek, erabakitzeko Eusko Label eta Euskotren ligak noiz eta nola egingo diren.  Hantxe izan zen Iosu Esnaola OAEko presidentea, eta atzo iluntzean bileraren balorazioa egin zion KARKARAri.  "Bilera luzea izan da, baina ondo joan da, oso balorazio ona egiten dugu, gauza batzuk erabateko adostasunarekin onartu direlako. Garrantzitsuena zen arraunlarien segurtasuna bermatzea, eta ondoren, estropadentzako datak egotea, eta ziurtatu dugu hemezortzi estropadatako liga izatea. Hortik aurrera, pandemiak esango digu noiz hasi eta noiz ez, eta horren arabera erabaki batzuk edo beste batzuk hartu beharko dira".

Denboraldia balekoa izateko gutxienez hamabi estropada jokatu beharko dituzte, eta igoerak eta jaitsierak mantendu egingo dira, araudian aldaketarik egitea ez zutelako onartu atzoko bileran. "KAEkoek igo nahi badute, faseak jokatzeko baldintza izango da estropaden %75 jokatzea, eta hori kalkulatuko da azken lau urteetako denboraldietako estropada kopuruaren batezbestekoa aterata. Batezbestekoa hamasei da, eta beraz, hamabi estropada jokatu beharko lituzkete gutxienez". Esnaolak esan zuen klub guztiak gustura gelditu zirela erabaki horrekin.

Emaitzak, zorteari lotuta

Aurtengo helburuei buruz galdetuta, Esnaolak esan zuen helburua beti dela ahalik gorenen ibiltzea, baina aurten uste du egoerak baldintzatuko dituela emaitzak. "Ez dakigu astebururen batean koronabirusa ager daitekeen eta horrek taldea gutxiagorekin utz dezakeen lau-sei estropadetarako. Zorteak asko baldintzatuko du, eta baita Arraunetxetik kanpo gertatzen denak ere. Hemen barruan arduraren %100 geure gain hartzen dugu, baina hortik kanpora ezin da neurtu. Arraunlari eta tekniko bakoitzari eskatuko diogu arduratsuak izateko, denontzat komenigarria delako eta emaitzak asko baldintza ditzaketelako".

Zaleei dagokienez, oraindik ez dakite estropadak bertatik bertara ikusteko aukera egongo den, ala nork bere etxetik jarraitu beharko dituen jardunaldi batzuk, eta beste batzuk eremuan bertan.

Haientzat bestelako mezua badu, ordea, Esnaolak: "Gu klubarentzat onena egiten ahalegintzen ari gara, eta zaleei eskatuko nieke gugan konfiantza izateko".

Proba serologikoak, astero ez

Martxora arte aurreikusita ez bazuten ere, aurtengo denboraldiko aurrekontuetan tartea egin behar izan diote arraun klubek koronabirusa atzemateko proba edo testen gastuei. Hain justu, atzo goizean egin zituzten aurreneko test serologikoak Arraunetxen; 85 pertsonari, zehazki. Arraunlariei ez ezik, klubeko zuzendaritzako eta inguruko hainbat laguntzaileri ere egin zizkieten probak, eta pare bat egun barru jasoko dituzte emaitzak.

Esnaolak azaldu zuen Orioko klubarentzat garrantzitsua dela segurtasuna bermatzea, eta inor kutsatzeko arriskuak saihestea. "Klub askok ez dute honelako azpiegitura, baina guk bai, eta dena txukun eta ondo jorratu nahi genuen, eta horregatik egin dugu horrenbeste jendek proba". Hurrengo aldietan ez dakite zenbatek egin beharko dituzten probak, oraindik ez dutelako hori zehaztu KAE ligetan. "Guk arraunlariei bakarrik egin nahi genieke, baina oso zaila ikusten dugu, haiekin harreman zuzena dugulako jende askok eta Orioren ezaugarri bat eta aberastasun bat ere badelako inguruan dugun jendea. Kostuan gainkarga bat dugu, beste inork baino aurrekontu handiagoa erabili beharko dugulako COVID-19 gaitzari dagokionez, baina bestetik zorte handia dugu, horrenbeste laguntzaile edukitzeagatik".

Esnaolak ez du esan dirutan zenbat kostako zaion klubari testak egitea, aldaketak egon direlako protokoloan: "Orain arte adostuta zegoen testak astero egitea, baina hori atzera bota da bileran, eta beste neurri batzuk hartu beharko ditugu: sintomen arabera medikuak dioena jarraituz, momenturen batean PCR probak eginda agian, baina kendu dugu behintzat baldintza hori. Izan ere, klubetako medikuek eta TKEko asesore Juanjo Badiolak esan dute ez dela beharrezkoa hori guztia egitea, ikusita aurrekontuetan zer eragin duten proba horiek denak egiteak".

Dena ondo bidean, ekainaren 8an hasiko dira uretan taldean entrenatzen arraunlariak, egun horretan arinaldiko hirugarren fasean sartuko direlako TKEn eta KAEn aritzen diren kluben lurraldeak. Hala, uztailaren 4an hasiko lirateke Eusko Label eta Euskotren ligak. Atzeratu beharko balitz, berriz, bi astez itxaron beharko litzateke, eta uztailaren 11n ekingo liokete ligei.

BIDEOA eta ARGAZKI BILDUMA. 85 proba serologiko egin dituzte Arraunetxean.

ALBISTEA. KAE eta ETE ligetako estropadak, bost eremutan?

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!