Txurrumuskik aisialdi zerbitzua eskainiko du udan "bakar-bakarrik zerbitzuaren beharra dutenentzat"

Karkara 2020ko mai. 31a, 13:08
Iazko udaleku irekietako ekintzetako bat

Udan Elkar Zaintzen izena du programak, eta udalarekin batera sortu du. Uztailean eta abuztuan emango dute zerbitzua, eta izena emateko galdetegia bete beharko da.

Osasun krisiak behartuta, aurten ez da egongo ohiko udaleku irekirik herrietan, ezta Orion ere. Ordea, udalak eta Txurrumuski aisialdi taldeak gurasoei alternatiba bat eman nahi zieten. Horregatik, hainbat astetako elkarlanaren ondoren, Udan Elkar Zaintzen izeneko programa zehaztu dute. Programa horrekin "erantzun egoki bat eman nahi zaie zerbitzuaren premia duten haur eta familiei", eta udalak azaldu du alarma egoeraren hasieran martxan jarri zen zaintza sarearen filosofiari eusten diola ekimenak.

Uztailean eta abuztuan eskainiko du Txurrumuskik zerbitzua, baina mugatua izango da, hartu beharreko osasun neurrien ondorioz ume talde handirik ezingo delako osatu. "Bakar-bakarrik zerbitzuaren beharra duten haut eta familiei zuzenduta egongo da. Behar hori ez dutenei edota moduren batera edo bestera moldatzeko aukera dutenei eskatzen diegu zerbitzu hau ez erabiltzeko, premia gehien dutenek erabil ahal izan dezaten", azpimarratu du udalak.

Horrez gain, udalak ziurtatu du Txurrumuskik segurtasun eta higiene neurri guztiak errespetatuko dituela eta zehatz-mehatz beteko dituela agintariek ezarritako protokoloak, haurren ongizatea bermatzeko.

Irizpideak eta egutegia

Udalak eta Txurrumuskik bereziki bi irizpide jarri dituzte beharra duten familien aukeraketa egiteko: gurasoen edo arduradunen lan egoera batetik; eta familiak duen zaintza sarea, bestetik. Hau da, senide edo gertukorik baduten haurraz arduratzeko. "Familia bakoitzari eskatzen diogu eskaera egin aurretik zintzotasunez azter dezala bere egoera, benetako beharra duen inor ez dadin tokirik gabe geratu".

Familien beharrei erantzuteko sortu denez, zerbitzua bi hilabetez eskainiko da aurten, uztailean eta abuztuan. Hilabeteak hamabostaldika banatuko dira, eta hamabostaldiren batean gutxieneko haur kopurua ez badago, bertan behera geratuko da.

Ordutegiari dagokionez, zenbait aukera eskainiko dira, 07:30etik 14:00etara bitartean. Hori ere beharren arabera antolatuko dela jakinarazi du udalak, eta aurrez finkatuko direla sartzeko eta irteteko orduak. "Haurrek zorrotz bete beharko dituzte, jende pilaketarik ez gertatzeko inoiz".

Izen-ematea eta prezioa

Aurreko urteetan bezala, hamabostaldi bakoitzeko 40 euro ordainduko du haur bakoitzak, eta izena emateko beharrezkoa izango da udalaren webguneko galdetegi hau betetzea. Balorazioa egiteko galdetegi horiek erabiliko dituzte antolatzaileek.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!