Ireki dituzte herriko bi autokarabana guneak

Karkara 2020ko eka. 1a, 10:22

Autopista azpiko eta Ortzaikako aparkalekuak erabili ditzakete dagoeneko autokarabanak dituzten erabiltzaileek. Udalak hainbat seinale jarri ditu gune bakoitzean, erabiltzaileek erabilera arauak jarrai ditzaten. 

Dagoeneko erabili daitezke Orioko Udalak herriko bi lekutan autokarabanentzat prestatu dituen guneak. Joan den ostiralean ireki zituzten autopista azpiko eta Ortzaika auzoko bi guneak, eta beraz, erabilgarri daude dagoeneko leku horiek autokarabanak dituztenentzat.

Udalak hainbat seinale jarri ditu gune bakoitzean, erabiltzaileek erabilera arauak jarrai ditzaten. Horregatik, eremu horietan autokarabanak dituztenek bakarrik aparkatu ahal izango dute, gehienez 2 gau eta 3 egun. Ibilgailuek 7:30etatik 20:00etara sartu eta irten beharko dute gune horietatik, eta erabiltzaileek ezingo dute bertan materialik utzi, mahairik eta aulkirik jarri eta kanpoan jan. Udalak gainera, guneak txukun mantentzeko eta erabilitako hondakinak birziklatzeko eskaera ere egin du.

Autopista azpiko guneari dagokionez, 18 plaza ditu, baita ur hartunea eta ur zikinen hustubidea ere. Gainera, errefusa, beira eta ontziak jasotzeko hiru edukiontzi jarri ditu bertan Udalak. Udako hilabeteetan eguneko TAOa ordaindu beharko dute erabiltzaileek, baina gainerako hilabeteetan doakoa izango da.  

Ortzaikako guneak, aldiz, 10 plaza ditu eta inguruan dauka auzoko hondakin gunea edukiontzi guztiekin. Errio ondoko iturria ere bertatik bertara dauka. Beste gunearekin alderatuta, ordea, aparkaleku horiek doakoa izango dira urte osoan. 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!