"Pasaportearen zenbakiaren arabera ateratzen gara kalera Panaman, osasun neurri zorrotzengatik"

Izaro Altzibar 2020ko eka. 3a, 16:23

Arkitektura beka batek eraman zuen Panamara Joseba Verhegge. Pandemiak bertan harrapatu du, eta lanean zebilen proiektua bete-betean gelditu da. Agintariek konfinamendu neurri zorrotzak hartu dituztela azaldu du Verheggek, eta esaterako, orain arte alkohola erostea debekatuta egon dela kontatu du.

Zertara joan zara Panaman?
Global Trainning bekarekin etorri nintzen urtarrilean, arkitektura estudio batera, Panama hirira. 30 pisuko etxebizitza batzuk diseinatzeari ekin nion iristean; hiriko eraikin guztiak oso altuak dira hemen. Lehenengo faseetan aritu naiz, bekadun moduan etorri naizelako. BIM masterra egin nuen, (Eraikitze Informazio Eredua) planoak egiteko sistema berri batean oinarritzen da. Aspaldi, eskuz egiten ziren arkitektura marrazkiak, gero, ordenagailuz hasi ziren egiten planoak, eta gaur egun, hiru dimentsioko modeloak egiten dira ordenagailuan, eta informazio guztia biltzen du plano bakar batek. Diseinuko elementu bakoitzaren informazioa jasotzen du plano bakar batek horrela. Sistema horrek ahalbidetzen du proiektu batean lanean dauden guztiek informazioa leku berean biltzea eta elkarren arteko komunikazioa errazagoa izatea. Analisi teknikoak, aurrekontuak eta halakoak egitea ere errazten du metodo horrek, eta akatsak saihesten ditu aldi berean. Sistema hori mundu osoko arkitektura enpresa gehienetara ari da sartzen, eta hori da egin nuen masterraren funtsa.

Nola eragin du pandemiak proiektuan?
Pandemia iritsi artean diseinatze lanetan genbiltzan, eta orain blokeatuta dago proiektua. Eraikin hauek egin behar zituen bezeroak atzera egin du momentuz, ez dakielako pandemiak utziko duen krisiarekin salduko dituen eraikiko dituen etxebizitzak. Gainera, kontratua sinatzear genuen pandemia iritsi zenean, eta beraz, bezeroa atzera botatzen bada, orain arte egindako lana alferrikakoa eta doakoa izango da. Hau bukatzean, bezeroak erabaki beharko du aurrera jarraitu edo ez, eta merkatuaren arabera hartuko du erabakia, etxebizitzak saltzea baita bere helburua. Beste proiektu batzuetan ere banabil murgilduta, eta zenbait kontratu sinatuta daude; beraz, zerbait kobratuko dut behintzat. Arkitektura munduan, horrela izaten da askotan. Proiektu askotarako diseinatzen dugu doan, eta lehiaketetara aurkezten gara. Lehiaketa irabaziz gero, diru asko irabazten da, baina bestela, doan diseinatzen jarraitu behar da. Konfinamenduan ere lehiaketa batera aurkeztu ginen, etxetik lan eginez, eta irabazi egin dugu, baina proiektua ez da hasiko pandemiaren krisia bukatu arte.

Nolakoak izaten dira lehiaketak?
Desberdinak dira obra publikoak edo pribatuak izan. Irabazi berri dugun lehiaketa, adibidez, pribatua da. Kasu hauetan, bezeroa herrialdeko hainbat arkitektura estudiorekin jartzen da harremanetan, eta buruan duen proiektua aurkezten du: zer den eraiki nahi duena, zer lur eremutan… Orduan, denbora epe bat ematen zaio estudioari proposamen bat aurkezteko, eta bezeroak arkitektura estudio guztien planoak jaso ondoren, bat aukeratzen du aurrera jarraitzeko. Kasu hauetan, doan egiten da lana kontratua sinatu arte.

Arkitekturaren etorkizunean eragingo du osasun krisi honek?
Konfinamendua bukatzean obrak berriro hasiko direla uste dut. Hemen geldirik daude une honetan, baina ezarri dituzte arinaldiko faseak, eta eraikuntzak laster hasiko dira. Publikoak gaur hasi dira, eta pribatuak aurrerago jarriko dira martxan. Nire kasuan, aurrerago zeri ekin pentsatzen ari nintzen, baina ez da une ona lana topatzeko.

Zein da COVID-19aren egoera Panaman?
8.500 kutsatu daude baieztatuta herrialde osoan, eta 250 pertsona hil dira. Esan behar dut hemengo neurriak Euskal Herrikoak baino askoz ere zorrotzagoak direla. Emakumeak, adibidez, astelehen, asteazken eta ostiraletan irten daitezke kalera, eta gizonezkoak, berriz, astearte eta ostegunetan soilik. Hasiera batean, larunbatetan ere irten gintezkeen gizonezkoak, baina zigor modura, egun horretan ateratzea debekatu zuten agintariek, ustez gaizki portatu ginelako. Gainera, irteteko ordutegi zehatzak ditugu herritar guztiok, pasaporteko zenbakiaren araberakoa. Nire kasuan, goizeko 06:30etik 08:30era irten naiteke erosketak egitera, astearte eta ostegunetan, besterik ez. Beldurra ematen du kalera ateratzeak, maskaren erabilera derrigorrezkoa da, eta isunak jartzen dituzte erabili ezean. Poliziak eta kontrolak daude bazter guztietan, eta supermerkatuetan ere pasaportea eskatzen dute. Aurrekoan ordutegiz kanpo itzuli nintzen autoan, eta atzealdean ezkutatuta joan behar izan nuen. Pasada bat da. Zorionez, Alemaniako bi lagunekin bizi naiz, eta ondo moldatzen gara.

Arinaldiko faseak ezarri dituzte?
Asteburuan iragarri zuten arintze plana nolakoa izango zen. Datorren astean denda txiki batzuk zabalduko dira, eta hamar langile baino gutxiagoko enpresek lanari ekingo diote berriz. Herritarron konfinamendua, baina, bere horretan mantenduko da lehenengo fasean ere. Ez du zentzu gehiegirik, astean lau ordu ditugu guztia egiteko, ez dugu denborarik izango denda txikietara joateko. Datozen faseei buruz ez zuten datarik iragarri, hala ere. Gainera, konfinamendu hasieran alkohola debekatu zuten; ezinezkoa zen alkohola erostea inon. Batzuen iritziz, poliziarekin arazoak ekiditeko hartu zuten erabakia agintariek, eta beste batzuen esanetan, gobernuak ematen dituen diru-laguntzak alkoholean ez gastatzeko neurria da. Hemen jende asko dago egunean egunekoarekin bizitzen, eta estatua 80 dolarreko diru-laguntzak ematen ari da beharra duten biztanleei. Beraz, batzuen ustetan, diru hori alkoholean ez gastatzeko debekatu dute salmenta. Ostiralean neurri hori aldatu zuten, eta sei garagardo erosteko aukera dago orain biztanleko. Ez dakigu ziur nola izango den arintzea, egunkariek gauzak esaten dituzte, baina gero gezurra izaten dira batzuetan, dokumentu ofizial faltsuak ere zabaltzen dira... Ezjakintasuna dago oro har.

Horrelako neurriekin ez dira kutsatu berri asko egongo…
Kutsatuak kontrolpean daude. Konfinamendua hasi zenean ere oso kasu gutxi zeuden, eta ospitaleak edukieraren %50ean daude.

Noiz duzu etxera itzultzeko asmoa?
Uztaila erdialdera itzuliko naiz, anaia ezkontzen delako, eta momentuz aurrera doalako ezkontza. Ez dut hegaldia hartu oraindik, baina salgai daude ekaina erdialdetik aurreragoko txartelak. Osasun krisia hasi zenean, beka berarekin etorri ziren beste bi lagunekin nengoen, eta pandemia hasi zenean itzultzeko aukera eskaini ziguten. Nik geratzea erabaki nuen, baina lagunetako batek itzultzea erabaki zuen. Nahikoa arazo izan zituen hegaldia hartzeko; justu-justuan hartu zuen enbaxadak jarri zuen azken hegaldia.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!